Euskal Herriko I. Gazteen Jantza Topaketea bagilaren 30etik garagarrilaren 2ra
2023-02-27 12:41 KultureaAsparrenan egingo da Euskal Jantzarien Biltzarrak atonduta.
Aitatu astegoienean, 15 eta 25 urte bitarteko gazteek jantza taldeetan daben zereginaz eta belaunaldiko erreleborik eza geldiarazoteko hartu beharreko neurriez eztabaidatuko dabe. Izena emoteko epea zezeilaren 27an hasiko da.
Gaur egun, euskal herriko jantza taldeak egiturazko arazo baten aurrean dagoz, izan be, ez dago erreleborik. Urtenbidearen bil, Euskal Jantzarien Biltzarrak gazteen aldeko egin dau Gazteen Jantza Topaketea atonduz, eurek baitabe ardurea konponbidea topetako.
Gazteak ahalduntzea da asmoa, euren nortasun sentimendua indartzeaa. Aitatu astegoienean, Euskal Herri osoko jantzari gazteek jantza tradizionalez gozauko dabe modu ludikoan, jantzaldietan ohituta dagozan zurruntasunik barik. Talde eta herrialde askotako jantzarien arteko hartu-emonak sustatu nahi dira.
Gazteen Jantza Topaketea 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Egingo diran jardueren artean, azpimarratzekoak dira talde-dinamikea, jantza-taldeetan daben eginkizunari buruzko hausnarketak eta Asparrenako kaleak zeharkatuko dituan kalejirea, zapatu arratsaldean. Parte hartu nahi daben jantzariek izena emon beharko dabe zezeilaren 27tik martiaren 24ra, izena emoteko inprimakia betez. Zehetasun guztiak hemen.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzeak eta Laboral Kutxak proiektuaren zati bat finantzietan dabe.
Jantzari izateaz harro
Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zan, Euskal Herriko jantza, musika eta ohiturei eutsi, berreskuratu eta zabaltzeko helburuagaz. Dirua irabazteko asmo bako alkarte soziokulturala da, euskal jantzak sustatu eta babesteko helburuak dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!