'Hitzak lege' erakusketea ikusteko azken egunak Bilbon
2023-02-27 10:28 KultureaMartiaren 4ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan egongo da.
Aste hau izango da Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan Hitzak Lege erakusketeaz gozetako azkenengoa. Euskaltzaindiak atonduta, Hegoaldeko bost parlamentuakaz (Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta hiru Batzar Nagusiak) eta Baionako Udalaren laguntzeagaz, erakusketak, modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan, garrantzi historiko nabarmena izan daben euskerazko liburu eta testu juridiko esanguratsuak batzen ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen ekarpena esanguratsua izan da. Bizkaiko parlamentuak lagatako idazkien artean dago Bizkaiko Foru Zaharra, 1452tik aurrera lege konstituzionala eta kode zibil, penal eta prozesala izatera heldu zana, Otaduik gogorarazo dauenez. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundetik urtengo dauen beste altxorretako bat Vicenta Antonia Moguelen idazki bat da. Luis de Borbón Toledoko kardinal eta artzapezpikuaren gutun pastorala, Fernando zazpigarrenari jente aurrean babesa emoteko idatzitakoa, 1820an euskeratu eban lehenengo euskal emakume itzultzailea izan zan. Bakarrik Bilbon entzun ahal izango diran barrikuntzen artean, 1983ko maiatzaren 24an Anton Aurre lehendakaria protagonista izan eban Bizkaiko Batzar Nagusien aro demokratikoko euskerazko lehenengo berbaldiaren soinua azpimarratu behar da.
Erakusketeak dokumentuen informazinoa daben 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: Aldeen arteko hartu-emon juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Ganera, panel alkarreragile bi, argiztatutako hiru panel eta bitrina bi (dokumentu orijinalak erakusteko) dagoz.
Hitzak Lege daborduko heldu da Gasteizera eta Iruñera, Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura hain zuzen be, eta martiaren 4ra arte, astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearehn Bilboko egoitzan egon ostean, Arabako eta Gipuzkoako Foru parlamentuetan be egongo da.
Ikusi daitekezan testu bitxi batzuk:
- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten dau zelan jokatu behar zan oinordetzetan eta dohaintzetan.
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.
- 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!