HETELeko Lanbide Heziketako 130 ikasle Europako 7 herrialdetara joango dira
2023-02-24 11:23 Pil-pileanEnpresetan praktikak egitea da asmoa.
Erasmus+ programeari esker, laster nazinoarteko esperientziari ekingo deutsen Euskadiko 130 ikasleak (Bizkaiko 60 Arabako 25 eta Gipuzkoako 45) batu ditu HETELek, haree bidaiaren nondik-norakoak azaltzeko helburuz. HETELeko ikastetxeek bultzatu egiten dabe ikasleek praktikak egitea Europako enpresetan, hainbat arrazoirengaitik: Hizkuntza gaitasunak hobetzea, euren autonomia, erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna garatzea eta maila personalean eta profesionalean esperientzia ederra eskaintzea. Gainera, gero eta Euskadiko enpresa gehiago dabiz nazinoartera zabaltzen eta, beraz, gure enpresek nazinoartean lan egiteko gaitasuna daben teknikari eta profesionalak behar ditue.
HETELeko Erasmus programearen arduradunak, Tamara Rodriguez eta Amaia Ibarluzeak, bidaiaren nondik-norakoak azaldu deutsee ikasleei eta, batez be aukera hau ez deien baztertu nabarmendu dabe 259 eskaeretatik (141 goi mailakoak eta 118 erdi mailakoak).
Ikasleak
HETEL orain 25 urte baino gehiago hasi zan ekimen horretan parte hartzen, Europako Erasmus+ oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzako mobikortasun programen barruan. Ekimenean parte hartzen daben Lanbide Heziketako 130 gazteak HETELeko oinarrizko, erdi edo goi mailako prestakuntza ziklo bateko bigarren mailan dagoz, 17 eta 21 urte bitartean ditue eta martitik bagilera ibiliko dira praktikak egiten atzerriko enpresetan. Oinarrizko mailakoen kasuan 4 astez egongo dira atzerrian maiatzean.
Hizkuntza eskakizuna asko aldatzen da personearen arabera (A1 mailatik C2 mailara), baita profil profesionala be (automatizazinoa eta robotika industrialeko ikasleak, administrazino kudeaketea, galdaragintzea, anatomia patologikoa...), baina bakotxaren enpresa aldagai horreen arabera erabagiten da, ahalik eta esperientziarik onena lortzeko.
Esangura horretan, HETELek, barrikuntzarako eta nazinoartera zabaltzeko jokerea dauen aldetik, programa horreetan parte hartzeko aukerea emoten deutse ikasleei, Europa mailako prestakuntzea sustatzeko. Programa horreetan parte hartuta, gainera, ikasleek hizkuntza trebetasunak hobetu eta konfidantzea, egokitzeko gaitasuna eta alkarlanerako jokerea sendotzen dabe. Horrezaz gan, euren prestakuntzea enpresen beharretara egokitzen dabe gero eta globalizatuago dagoan merkatu batean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!