Osakidetzako Basauri-Arizko Anbulatorioak 3 margolan jaso ditu
2023-02-24 10:21 Pil-pileanObren egileak dira Jesús Lizaso, Koldo Etxebarria eta Rodri basauriarrak.
Joan dan abenduan Etxebarriko Osasun-zentroan egindakoagaz batera, Maratones Solidarios Javi Jon alkarteak atondutako Artedun Heroiak – Héroes con Arte proiektuaren barrukoa da. Javi Conde Basauriko atletea eta Jon Salvador bere lankidea buru dituan proiektu horren helburua hauxe da: Eskerrak emotea osasun-langile guztiei COVID-19aren pandemian egindako ahaleginagaitik. Ekimen horretan Bizkaiko hamabi artistak parte hartu dabe, modu altruistan emon ditue euren lanak, ospitaletako eta osasun-zentroetako hormak apaintzeaz gan, sasoi haretan egin zan eta osasun-arloan egunero egiten dan lan garrantzitsua gogorarazoteko.
Egunotan egindako ekitaldian, artistek eta proiektuaren sustatzaileek, anbulatorioko langileek, Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendaritza taldeko ordezkariek eta Basauriko Udaleko ordezkariek be parte hartu eben. Jon Guajardo ESIko zuzendari-gerenteak, Ana Iruarrizaga Arreta Integratuko zuzendariordeagaz batera, ez eban aukerea galdu gura izan eta eskerrak emon eutsezan behargin guztiei, bai anbulatoriokoei bai erakundeko gainerakoei, egunero euren lanean egindako ahaleginagaitik eta ardureagaitik. Eta gaineratu eban: Harro egoteko modukoa da herritarrek gure eguneroko lanari holako autortzea egitea, sano estimulatzailea lanean jarraitzeko.
Bestalde, Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, pandemia sasoian herriko erakunde guztietatik egindako talde-lanaren balioa azpimarratu eban, eta modu berezian eskertu eban momentu haretan osasun-beharginek izandako konpromisoa eta jarrerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!