Hiru emakume erreferente mundu solidarioan

Bizkaie! 2023-02-22 07:45   Kulturea

Reyes Villanueva; Mª Jesús Gómez; eta Eva Rodríguez dira aitatu emakumeak.

Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeagazaz lankidetzan atondutako Emakumeak Bizkaian jardunaldien hirugarren edizinoa da, eta zezeileko martitzenetan dabiz egiten Bilbon, Talentua, lankidetzearen kulturea eta gizarte proiekzinoa izenburupean.



Bart hirugarren mahai-ingurua egin eben eta helburua izan da emakumearen arazoetan eta egungo gizartean dauen rolean sakontzea, emakumearen aurrerapenak, erronkak eta aukera barriak erakusteko. Gizartean eta alkartasunean erreferente diran eta persona behartsuenen aldeko proiektu sozial askotan dabizen hiru emakumek hartu dabe parte: Reyes Villanueva, Manos Unidas erakundeko Bizkaiko presidentea; Mª Jesús Gómez, Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoko Ama Nagusia; eta Eva Rodríguez, Carmen Gandarias Fundazinoko Gizarte Arloko zuzendaria. Ana Rallo EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko katedraduna eta RSBAPeko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da moderatzailea. Duda barik, gogoetarako eta emakumeak gizarte lankidetzearen munduan dauen eginkizunean sakontzeko aukera parebakoa.

RSBAPeko Bizkaiko Batzordeak hizlari talde aukeratua batu dau zezeilean zehar eta horreen artean Zientzia, Medikuntzea, Zuzenbidea, Arteak, Kulturea, enpresa jarduera edo hirugarren sektorea eta gizarte lankidetzearen arloko liderrak dagoz. Holan, jardunaldi honeetara bertaratutako ikus-entzuleek arlo horreetako bakotxean erreferente diran emakumeen eretxia entzuteko aukerea izan dabe.

Emakumeen ahots horreek, mende honetan emakume bizkaitarrak aurrean dituan planteamentu, ardura, rol eta erronkei buruzko emakumeen kontakizun barriak erakutsi ditue: Reyes Villanuevak ia bizitza osoan boluntario eta Manos Unidas-eko partaide eta 2019tik gobernuz kanpoko erakunde horren Bizkaiko ordezkaritzako presidente lez bizi izan dauen esperientzia kontau dau. Urte honeetan, Villanuevak Manos Unidas erakundeak lantzen dituan proiektuetan parte hartzeko aukerea izan dau eta batez be herritarrak kontzientzietako sensibilizazino lan handia egin dau.

Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoaren Egoitzearen lana Mª Jesús Gómezek, kongregazino horretako Ama Nagusiak, erakutsi dau jardunaldian. Kongregazino hori emakume batek sortu eban XIX. mendearen amaieran. Jesusen Zerbitzariak erizaintzakoak edo ospitalekoak izena hartzen daben ordenen arteko bat dira eta erlijino-emakume horreek zeregin garrantzitsua izan eben sasoi haretako osasun-beharrak asetzeko orduan. Gaur egun, Zerbitzariek lan bera egiten jarraitzen dabe eta horren eredu da HIESa daben gaixo terminalakaz egiten daben beharra.

Azkenik, Eva Rodríguezek Carmen Gandariasen irudia azaldu dau, Bizkaian bere lan filantropikoaren garapenean aitzindaria izan zan emakume lez, haren izena daroan Fundazinoaren sorrerearen bidez eta bizi zala egin eban ongintza-ekintzearen jarraitzaile lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu