Bilboko II. Magia de Cerca Jaialdiak mikromagiako munduko txapelduna dakar
2023-02-16 07:50 KultureaHelburua da helduentzako ilusionismoa be arte eszenikoa dala aldarrikatzea.
Lehenengo edizinoak izandako erantzun bikainaren ondoren, Bilboko La Fundición Aretoan egingo da Magia de Cerca Jaialdia zezeilaren 24, 25 eta 26an, Deustuko barrutiak, azken 37 urteotan arte eszeniko garaikideak eskaintzen dituan aretoan. Helduentzako ilusionismoa izango da nagusi, antzokietako karteldegietan oso presentzia txikia izaten dauen diziplina eszenikoa, La Fundición Aretoko arduradunek aldarrikatu nahi izan dabenez. Hain zuzen be, hutsune hori beteteko asmoz sortu eben ekimena igaz eta Bilboko Mago eta Ilusionisten Alkartea (AMIB) eta Ilusionismoko Bizkaiko Alkartea (AVI) dira atontzaileak. Jaialdiaren izenak berak dakarren lez, mikromagiako edo hurreko magiako ikuskizunak egongo dira.
Magia de Cerca 2023k hiru ikuskizun atondu ditu, guztiak helduei zuzendutakoak eta profesionalentzako eta zaletuentzako hainbat jarduera be egongo dira edozeinentzako hiru hitzorduen bidez, magia garaikideko proposamenen aberastasuna erakutsiz, izan be, gaur egun, nazinoartean benetako erreferentea da kalidadea eta profesionalen aniztasuna nabarmenduz.
Magia de Cerca 2023
- Zezeilaren 24an, barikuan, 19:00retan, hasiko da Perspectiva ikuskizunaren Euskadiko estreinaldiagaz. Ikuskizuna Luis Olmedo andaluziarrak, Gizarte Magikoen Nazinoarteko Federazinoak (FISM) 2022an Quebecen (Kanada) atondutako Mikromagiako Munduko azken Txapelketearen irabazleak, eskainiko dau. Txapelketan, planeta osoko 130 mago onenek lehiatu eben. Olmedo txanponakaz eta kartakaz egindako errutinetan da aditua eta Europa osoan, Txinan, Japonian, Perun, Argentinan eta AEBetan be eskaini ditu ikuskizunak.
- Zezeilaren 25ean, zapatuan, 19:00retan, Euskal Herritik datorren Jon Zabal mentalistearen txandea izango da eta Inventario ikuskizuna eskainiko dau, umorea, misterioa eta telepatia, hipnosia eta saio espiritistak bateratzen dituen erakustaldi txundigarriakaz.
- Zezeilaren 26an, domekan, 19:00retan, Miguel Gómez izango da gurean. Umea zanetik egon da magiari lotuta eta hurreko magian oinarritutako Madrilgo Grada Mágica antzokiaren bultzatzailea da. Miguel Gómezek Antología de la cartomagia española izeneko ikuskizunaren inguruko errepaso historiko atsegina eta didaktikoa eskainiko dau eta, bestalde, omenaldia egingo deutse kartakaz egindako magian maisu diranei, besteak beste, Arturo de Ascanio, Juan Tamariz eta Pepe Carrolle. Ikuskizun horren bidez, Gómezek XX. mendearen azken herenean Espainian sortutako jokera barritzaileak aldarrikatu nahi ditu, magia intelektualagoa eta sakontasun handiagoko proposamen barriei bidea edegiteko.
Berbaldiak
Magia de Cerca 2023ren barruan, zapatu eta domeka goizetan, karteleko hiru artistek aitatutako AMIB eta AVI alkarteetako bazkide diran amateurrentzako eta profesionalentzako berbaldiak eskainiko ditue. Ganera, sektoreak jaialdia aprobetxauko dau 2022an hildako Jesús Etcheverry, lanbidez injinerua zan arren, bokazinoz magoa zana, omentzeko. Jesús Etcheverry Algortan jaio zan eta Estatu osoko profesionalek aho batez miresten eben. Etcheverryk Arturo Ascanio maisu ospetsuaren idatziak batu eta argitaratu zituan. Arturo Ascaniok finkatu eban kartakaz egindako magiaren gramatika barri osoa eta ez Espainian, baita mundu osoan be. Hain zuzen be, Etcheverryk Ascanioren inguruan argitaratutako hiru liburukiak ingelesera eta japonierara itzuli ditue.
Magia de Cerca 2023ko hiru ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko salgai dagoz online eta leihatilan, 14 €-ren (+gastuak) eta ikuskizun bakotxerako (7 €-ko sustapen berezia dago Kutxabank sarean online saltzen diran lehen sarreretarako). Ganera, hiru ikuskizunetarako abonamenduak erosteko aukerea be badago 30 €-ren truke (+gastuak). Kargu gehigarri barik eta antzerki-denporaldi honetan Deustuko aretoak egiten duen lez, ikusleek gizabidezko garagardao-botilatxoak izango ditue eskura, Bilboko Oro markearen laguntzeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!