Ertibil Bizkaia ekimena finissage bategaz amaituko da

Bizkaie! 2023-02-15 12:08   Kulturea

Zezeilaren 16an, eguenean, izango da.

Azken 40 urteetako panorama artistikoa errepasau eta Bizkaiko egoera artistikoaren garaikidetasunaren gaia aztertu eta hausnartu ondoren, zarratzeko ekitaldia zezeilaren 16an, eguenean, arratsaldeko 18:00etan izango da eta bertan esperientzia honetan parte hartu daben artista talde handia izango da.

Ertibil40 erakusketea zabaldu zanetik Rekalde Aretoan hausnarketak, topaketak, ekintzak, irakurketak, eztabaidak, desfileak eta bilera ugari egin dira; produkzino artistikoak be lekua hartu dau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ertibil programearen 40 urteen barrikuspen honetan. Erakusketa-aretoko hausnarketa-proposamenen, topaketen eta bitartekaritza-espazioen bizkarrazur lez, 10 artista, beste 3 artistak gidatuta, proiektu personala eregiten joan dira. Espazio horretan, 10 artistak Ertibil40ko aretoa eta konkistetan joan dirana konpartiduko dabe euren proposamenetatik.

Finissage 18:00etan hasiko da, Diego Vivancok, Ane Motoracingek eta Sandra Amutxasteguik workshoparen zuzendari lez egingo daben aurkezpenagaz. Ondoren Estel Falgas, Gari Aranbarri, Hodei Herreros, Viviane Straub, Marta Lorenzana, Mattin Etxegarai, Victor Ortuño, Maite Choya, Mariem Iman eta Ana Lazcano artistek euren prozesua eta proiektua azalduko deuskue. 19:30etan workshopeko kideek, Perla, Pelota eta Tronis-ek Ertibil 40rako ad hoc egindako musika-saio bategaz girotuko dabe topaketea.

Ertibil

Laau hamarkadak Rekalde Aretoa obra bizi bihurtuz ospatzen ditu, lurraldeko produkzino artistikoari buruzko hausnarketarako topaleku. Bizkaiko Foru Aldundiak atonduta Rekalde Aretoan abenduaren 5etik aurrera Ertibil 40 erakusten da, hausnarketa, ospakizun eta memoria-proposamena. Kuradoretza-taldea Juan Pablo Orduñez/MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Iván Gómezek osotzen dabe.

Lehenengo dinamikea abenduaren 15ean izan zan, Marion Cruza, Abigail Lazkoz eta Elena Mendizabalen eskutik. Lehen topaketa horretan, hizlariek sarbidearen inguruan lan egin eben. Gainera, Mendizabalek erakusketa-muntaia bat aurkeztu eutsen arte eder fakultadeko ikasle batzuei eta hareek aste horretan erakutsi zituen euren lanak Rekalde Aretoan.

Bigarren topaketea Txuspo Poyo, Jaime Cuenca eta Zigor Barayazarraren eskutik etorri zan eta hizlariek artearen eta ingurunearen arteko hartu-emonak jorratu zituen, ideak adierazpide eta euskarri legez.

Hirugarren saioa Ixone Sádaba, Miriam Isasi eta Taxio Ardanazen eskutik egin zan. Orduan, hizlariek artearen eta politikearen arteko harrtu-emonak aztertu zituen. Azken urteetan jorratutako proiektuak eta sorkuntzak barrikusita, artxiboaren bidez egiteko moduei lotutako gaiak planteau ziran. Dinamikearen ondoren, diapositiben instalazino bat egin zan Irantzu Yaldeberen eskutik, hamarkada honeetan sortutako eta areto osoa estaltzen eban artxibo osoaren aukeraketa bat erakusteko.

Joan dan eguenean, Polaroiskak laugarren saioari ekin eutson; gorputza izan zan laugarren saioaren gaia. Naia del Castillok eta Gema Intxaustik gorputzearen idea lantzen jarraitu eben parte hartzeko ariketen proposamen bat ardatz hartuta. Saioari amaierea emoteko, Michelle Lima diseinatzaileak MAL Studio Custom Project markea aurkeztu eban.

Irati Inorizaren eta Miren Arenzanaren eskutik egindako bosgarren saioan, desirearen idea landu eben praktika artistikoan, bisitariakaz batera egin ziran ariketa batzuetan oinarrituta. Ariketa horreetan, artisten eten bako borondatea nabarmendu zan. Hector Reyren kontzertu batek amaierea emon eutson topaketeari.

Ertibil 40k bere seigarren dinamikea egin eban zezeilaren 9an, Consonni, Mikel Onandia eta Maider Lópezen eskutik kritikeari eta arteari buruzko hartu-emonak jorratzeko, hainbat komunikazino-kanaletan egiten diran argitalpenak azpimarratuz, kritikariek eta teorikoek arteari buruzko eretxiak emoten zituen eta topaketan argitalpen horreek artisten lanaren garapenean izan leikien eragina aztertu eben. Topaketea Pablo Martek zuzendutako performance bategaz amaitu zan.

Ertibil Bizkaia 40 urtean zehar

Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako Ertibil Bizkaia Ikus-arteen Erakusketeak 800 artelan inguru aztertu ditu, lau hamarkadotan lurralde osoan azaleratzen dagozan 500 artista baino gehiagoren lanak. 1983ko lehenengo edizinotik hona, Ertibil-ek beren sorkuntza-lana Bizkaian egiten daben artista hasibarriak laguntzea eta bultzatzea dau helburua. Azken urteetan, Ertibil Bizkaia hara eta hona ibilteko abiapuntua da Rekalde aretoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu