Eibarreko Antzerki Jardunaldiak zezeilaren 14tik martiaren 31ra

Bizkaie! 2023-02-14 12:21   Kulturea

Zezeilaren 14an, María Adánez eta Pepón Nieto aktoreak izango dira protagonista Los papeles del teatro gaiari eutsiz.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizinoa gaur, hilak 14, hasi eta martiaren 31ra izango da da. Hiru urteko ziurbakotasunaren ondoren, edukiera murriztuta eta etenda, jardunaldiek edukiera osoa berreskuratuko dabe, baita agertoki nagusi biak be: Eibar-Ermua Unibersidade Laboraleko Hezkuntza Esparruko Antzokia eta Coliseo Antzokia.

Jardunaldien inaugurazino berbaldian izen handiko profesionalak izango dira aurten be: Zezeilaren 14an, 19:00etan, María Adánez eta Pepón Nieto aktoreak izango dira protagonista Coliseo Antzokian, Irene Hernando eibartarra aurkezle dabela: Los papeles del teatro izenpean, barriketaldiaren gaia izango da zelan egiten deutsen aurre biek euren ibilbideko zereginei eta zelan batzuetan interpretazinoaz bestelako antzerki-lanbideko beste rol batzuk bete behar dituen.

Barriketaldiaren ondoren, zezeilaren 15ean eta 16an, 19:00retan, ¡Ay Carmela! antzezlana aurkeztuko dabe Coliseoan, María Adánez bera eta Pepón Nieto protagonista dituan tragikomedia, José Carlos Plazaren zuzendaritzapean.

Jardunaldien edizino honetan nabarmendutako beste lan batzuk dira Lagun beltz asko, (tragikomedia) Ados Teatroa & Bidebitarte Koop konpainiaren eskutik eta Garbi Losadaren zuzendaritzapean; El nadador de aguas abiertas, K Producciones & Tanttaka taldearena, Fernando Bernués zuzendari dauela; eta Ser o no ser, Okapi Producciones konpainiarena, Juan Echanovegaz.

Aurten ikusi ahal izango diran ganerako lanak ondokoak dira: Redada familiar, Familia Sarekada (komedia), Vaivén taldearen Olga Margallok zuzendua; Yerma (euskerazko dramea, María Goiricelayaren lana), La Dramática Errante taldearena; Arrainak bihotzean (3 urtetik gorako umeei zuzendua), Mar-Mar Teatro taldearena eta Getari Etxegarairen zuzendaritzapean; Vida (La Red Teatro konpainiaren drama), Mikel Areitioaurtenak zuzendua; Abundance (jantza ikuskizuna), Osa + Mujikaren zuzendaritzapean; Los días ajenos (El Terraten bakarrizketa), Bob Pop interprete eta sortzailea protagonista dauena; Las que limpian, A Panadaría (Galizia) & Centro Dramático Nacional konpainiaren komedia; Marea baja (Espe Lópezen komedia), Pez Limbo (Araba) konpainiaren lana; Cigarreras (Contraproducións taldearen drama), Candido Pazók zuzendua; Paura (zirku ikuskizuna), Lucas Escobedoren eskutik; El avaro (Ricardo Iniestaren komedia), Atalaya Teatroren eskutik (Sevilla); Hobe ixilik! (Begoña Bilbaoren euskerazko komedia), Txalo Produkzinoak konpainiaren eskutik; Rey desnudo & chico muerto (Iñigo Cobok zuzendutako tragikomedia), P6 Gazte Konpainiarena; La lengua de las mariposas (Sarabela Teatro), Fernando Dacostaren tragikomedia; Es mi palabra contra la mía, Luis Piedrahitaren bakarrizketa; EcO, Ymedioteatroren keinu ikuskizuna (Jaén); eta Pin Pang, umorezko zirku ikuskizuna, Xabier Larrea aktoreagaz.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Bestalde, Lekim Animazinoak Antzerki Jardunaldien barri emango dau Eibarko kaleetan urtarrilaren 27, 28 eta 29an, arratsaldez.

Kontuak kontu, 46. Eibarko Antzerki Jardunaldien kartela Leire Kareagak egin dau.

Salmenta aurreratua Coliseoan

Coliseo Antzokiko leihatilan sarrerak erosteko aldez aurreko hitzordua eskuratu ahal izango da. Hitzordua urtarrilaren 26an eta 27an hartu ahal izango da, 17:30etik 19:30era, Coliseoan. Aldez aurretik hitzordua eskatuta, urtarrilaren 28an, 29an eta 30ean, goizeko 10:00etatik aurrera, antzezlanen sarrerak erosi ahal izango dira, aukeratutako ordutegian.

Gainera, urtarrilaren 30etik aurrera, astelehenetan eta barikuetan erosi ahal izango dira sarrerak, 17:30etik 19:30era.

Bestalde, online erosketea urtarrilaren 28tik aurrera egin ahal izango da, 10:00etatik aurrera, www.kutxabank.es webgunearen bidez.

Antzezlan bakotxa baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira sarrerak, Coliseo Antzokiko leihatilan bertan.

Deskontuak

Coliseoaren Laguna txartela dabenek, 5 eurotik gorako prezioetarako: tarifa arrunta, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelagaz 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 euro Coliseoaren Laguna txartelagaz).

Coliseoaren laguna txartela egiaztatu beharko da ikuskizunetara sartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu