Tour Eguna Durangon eta Bizkaiko beste udalerri batzuetan

Bizkaie! 2023-02-14 08:45   Kirola

Datozen asteetan Bizkaiko beste hamar udalerritan izango dira.

Tour Eguna, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Frantziako Tour-ak atonduta, Durangora heldu zan pasa dan domekan eta ohiko jarduerez gan, txirrindulari martxa txikia egin eben umeentzako. Hurrengo helmugak Basauri, Getxo, Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Gernika, Amorebieta-Etxano, Ermua, Markina eta Igorre izango dira. Dagoeneko Tour Eguna zazpi udalerritan izan da bai eta BECeko Umeen Gabonetako Parkean be. Bertan, 16.000 ume baino gehiago izan ziran.

Hurrengo Tour Egunak: Basauri (zezeilak 26), Getxo (martiak 12), Bilbo (martiak 26), Barakaldo (apirilak 23), Santurtzi (apirilak 30), Gernika (maiatzak 7), Amorebieta-Etxano (maiatzak 21), Ermua (bagilak 4), Markina (bagilak 18) eta Igorre (bagilak 25).

Horretarako, Tour Eguna ospatzeko atondutako gunean honako jarduera honeek egingo dira:

- Hezkuntza-ikasgela bat, olgetearen bidez eta Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik, txirrindularitzan, bizikletearen ezagutzan eta 14 urtera arteko neska-mutilen oinarrizko arauen ezagutzan sakontzeko.

- Bide-segurtasuneko gela bat, modu seguruan bizikletan ibilten ikasteko, arauak olgeten bidez ezagutzeko, ekipamendu egokia erabilteko eta bizikletaz ibiltean behar bezela jokatzeko jarduteko.

- Lantegi-gune bat, bizikleta mantentzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko nozinoak ikasteko, bai eta lapurretei aurre egiteko babesari buruzkoak be.

- Bizikletak aukeratzeko eta probetako gune bat, persona espezializatu batek erabiltzaile bakotxarentzat egokiena dan bizikleta mueteari eta neurriari buruzko aholkuak emongo ditu, dagozan bizikleten arteko zalantzak argituz: Uriko bizikletak, errepidekoak, mendikoak, tolesgarriak, elektrikoak...

- Txirrindularitza eta mobikortasun jasangarria sustatzen daben lekuan lekuko klub eta txirrindularientzat gordetako gunea.

- Hasibarrientzako pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko umeak bizikletearen erabileran ohitu daitezan.

- Txirrindularitzan hasita dagozan 6-14 urteko umeentza egokitutako pump track pistea.

Era berean, Frantziako Tourraren historiari eta Bizkaiko Tourraren historiari buruzko erakusketak izango dira, Vicente Blancok 1910eko edizinoan parte hartu ebaneko garaira itzuliz.

Tour Eguna ekimena pasa den abuztuaren 7an, Lekeition, hasi zan eta, ondoren, La Arena (Muskiz eta Zierbena), Sopela, Mungia, Zalla, Leioa, eta Galdakao zeharkatu zituan.

Laster izango dan Grand Départ Pays Basque ospatzeko gero eta gitxiago falta danean, Bizkaia protagonista nabarmena izango da Frantziako Tourraren hasieran, izan be, 250 kilometro baino gehiagoz, lurraldeko hainbat eskualde eta udalerri zeharkatuko ditu. Hori aukera ederra izango da Bizkaia eta Euskadi mundu mailan ezagutzera emoteko eta txirrindularitzearen onenaz gozetako, bai eta herritarren artean bizikletea erabiltea sustatzeko be. Horri lotuta, Aldundiaren helburua da eguneroko joan-etorrietan bizikletearen erabilerea sustatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu