Ikurriñak nagusi Euskadiko kaleetan

Bizkaie! 2023-02-13 13:41   Kirola

Azkuna Zentroa Grand Départ Pays Basque 2023ren erdigune bihurtu da gaur.

Txirrindularitzea dagoan lekuan, ikurriña bat dago. Frantziako Tourra badator eta tradizinoari eutsiko deutsagu eta indartu be egingo da. Euskadik txirrindularitzeari emoten deutson babesa upealakoa da, Euskadiko errepideak, herriak eta uriak izango dira gorriz, berdez eta zuriz jantziko diranak, euren ikurriñakaz urtengo daben-garen milaka eta milaka zaleren eskutik.

Egun handi horreek ospatzeko, Grand Départ Pays Basque 2023k datozen hileotan garagarrilaren 1ean Frantziako Tourreko lehen etapea hasi arte, makinatxu bat ekitaldi egingo dira: Euskadiko urtekera handia atontzen parte hartu daben zazpi erakundeetako ordezkari ugariez gan, Frantziako Tourragaz lotura estua daben euskal txirrindulari ohiek parte hartu dabe, besteak beste, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka eta Eneritz Iturriaga. Sekulakoa da zer sentiduten dan kontau dau Roberto Laisekak. Euskal zaleak eta ikurriñea beti agertzen dira. Pirinioetan hainbeste aldiz astindu ondoren, herrialde oso baten harrotasuna erakutsiz, orain etxean atara behar dogu. Ez dago ikurriña baino sinbolo hoberik, Euskadin txirrindularitzea biziteko sentimendu, pasino, emozino hori mundu osoari erakusteko. Ikurriñea bizikletatik ikusi dogunok badakigu zertaz gabizen. Ez dago energia-txute hoberik ikurriñea baino. Beraz, aurten inoiz baino gehiago, ikurriñea gure kaleetara urten behar dogu, adierazo dau Laisekak.

Marino Lejarretak ondokoa adierazo dau: Ia ez da beharrezkoa jenteak kaminoetara urtetea gu animetan. Ziur nago zaleek erantzun egingo dabela, beti egin dabe, oso fidelak dira. Joan garen edozein lekutan, gutako edozein, euskaldun bat egoan lekuan ikurriña bat egoan. Tourreko egun honeetan Euskadin ez dabe hutsik egingo. Gurea da, guztiona da. Zaleak animetan ditut ikurriñak atara deiezala, ez bakarrik errepidera, baita gure etxeetako balkoietara be, garena, munduko txirrindularitza zalerik onenak garela erakutsi daigun.

Bestalde, Eneritz Iturriagak adierazo dau ikurriñea sentimendu kolektibo baten sinboloa dala, euskaldun guztiak ordezkatzen eta batzen dituan bakarra: Grand Départ Pays Basque euskal txirrindularitzearen eta zaleen balioak ezin hobeto islatzen dituan ikurraz harro agertuko da. Euskadi bakarra da, ikurriñea bakarra da, bere txirrindularitza zaleak bezela, azpimarratu dau Iturriagak.

2023ko kronogramea

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeroaileak txirrindulari ohien adierazpenen aurretik, garagarrilaren 1, 2 eta 3an munduko tropeleko txirrindulari onenek Euskadin pedalkadak emoten hasi arte egingo diran jarduera ugari eta askotarikoen barri emon dau. Zupiriagaz batera, proiektu handi honetan inplikautako erakunde bakotxeko ordezkariak: Xabier Ochandiano (Bilboko Udala), Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundia), Martin Ibabe (Donostiako Udala), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundia) Livia López (Gasteizko Udala) eta Jose Luis Cimiano (Arabako Foru Aldundia).

Edozeini zuzendutakoa izatea, herritar guztiek mundu mailako ikuskizun handienetako honetan partaide sentidu eta parte hartzeko borondatea islatzen dau, nabarmendu dau sailburuak. Martiaren 22an Tissot erloju klasikoa instalauko da Bilbon eta hurrengo egunean 100 eguneko atzerako kontaketearen hasierari ekingo jako eta momentu horretatik aurrera ekitaldi zaparradea hasiko da. Hiru uriburuetan eraikin enblematikoak horiz argiztatzeak modu sinbolikoan piztuko dau tropel profesionalak bidera urten arteko tartea. Ikus-entzunezko ikuskizunak Gasteizen edo maillot erraldoi baten estreinaldia Donostian dira programautako jardueretako batzuk.

Frantziako Tourraren etorrera Euskadin txirrindularitzearen aurrean sentiduten dan pasinoa erakusteko aukera parebakoa da, adierazo dau Zupiriak. Gogo hori erakusteko moduetako bat gure errepideetan pedalei eragitea izango da. Grand Départ Pays Basque, Tourreko lehen etapearen erreplika bat atontzeaz gan, L´Étape Bilbao by Tour de France (bagilaren 11n), euskal egutegiko proba zikloturista tradizional bien edizino bereziak jorratzen alkarlanean gabiz: Donostia-Baiona-Donostia (maiatzaren 13an) eta Gasteizko Proba Zikloturistea (bagilaren 24an).

Gobernuko bozeramaileak ondokoa azaldu dau, familiek be hamaika jarduera izango ditue. Euskadi Txirrindularitza Fundazinoak atondutako BiziTour Jaiak nabarmenduko dira. Donostian (maiatzaren 7an), Gasteizen (bagilarenn 4an) eta Bilbon (bagilaren 25ean) bizikleta jai familiar bana izango da. Martxa herrikoi labur batzuk egingo dira, kilometro gitxikoak, bizikletea kultura eta mobikortasun iraunkorra modu ludiko eta jai giroan sustatzeko.

110. Tourraren hasierearen aurreko astean mundu mailako oihartzun handiko ekitaldiak izango dira: Bagilaren 29an, Fan Park gunea inaugurauko da Arenalean, Bilbon, askotariko jarduera eta proposamen ugari egingo diran gune edegia. Sartzea doban izango da, azaldu dau.

Egun horretan bertan, arratsaldean, 2023ko Frantziako Tourreko Taldeen Aurkezpen Ofizialaren txandea izango da, ia 200 herrialdetan emongo dan saioa: Guggenheim Bilbao Museoaren ingurune zabalean egingo da eta eozeinentzako izango da. 'Jai honetan lasterketako protagonista nagusiak hurretaik ikusteko aukerea be izango da nabarmendu dau. Bagilaren 30ean, atsedenaldia, hurrengo hiru egunetan Bilbo – Bilbo (185 km), Gasteiz – Donostia (209 km) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (185 km) etapakaz sortuko dan eztandeari aurre egiteko.

Sailburuaren berbaldiaren ondoren, Grand Départ Pays Basqueren bideoa emon da; ekitaldian Frantziako Tourragaz hartu-emon estuak dituen euskal txirrindulari batzuk egon dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu