Athletic Club Fundazinoaren XIII. Nazinoarteko Zinema Jaialdian: 11 film, film ertain 2 eta 4 film labur
2025-10-01 07:58 KirolaBBK Aretoan urriaren 6tik 12ra.

Athletic Club Fundazinoak Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIII. edizinoaren programazinoa aurkeztu dau BBK Aretoan. Zazpi egun izango dira eta Saipan, inaugurazinorako aukeratutako filma, lehen aldiz ikusi ahal izango da Europan Thinking Football jaialdian, Torontoko lehiaketan arrakasta handiz ezagutzera emon ondoren.
Aurten jaialdira etorri eta proiekzinoen osteko barriketaldietan parte hartuko daben konbidadu berezien artean, Erresuma Batuko futboleko persona ospetsu bi nabarmentzen dira: Peter Reid eta Sammy Lee. Eta eurekaz batera, 125. urteurreneko enbaxadorea, Honey Thaljieh palestinarra, eta zinema munduko hainbat kide, bestea beste, Andy Wells, Rob Sloman, Samri Gunn, Freidys Bjanadottir, Samuel Ab, Jack Thornton, Gerard Oms, Martin Fradkin eta George Dowell, baita Rachel Ramsay, James Erskine eta Ella Pham ere, igazko Publikoaren Saria irabazi eban Copa 71 filmaren ordezkari legez.
Jaialdiaren XIII. edizino honen aurkezpena Johana Ruiz-Olabuenaga Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendariak, Galder Reguera Athletic Club Fundazinoko estrategia zuzendariak eta Koldo Bilbao BBKko Kultura koordinatzaileak egin dabe:
Informazino gehiago nahi izan ezkero, Thinking Football webgunean aurtengo xehetasun guztiak topauko dozuez, baita beste atal batzuk be, adibidez, jaialdiaren aurreko edizinoak edo palmaresa.
Sartzea doban da, baina beharrezkoa da bide digitalaren bidez erreserbetea hemen.
Egitaraua
- Astelehena 6: Saipan (19:00), Irlanda eta Erresuma Batua, 2025, estreinaldia Europan. Gure jaialdian Europan aurkezten dan film luze honek Roy Keane jokalari izarraren eta Mick McCarthy entrenatzailearen arteko hausturearen atzean dagoan benetako dramea kontetan dau, 2002ko Munduko Kopearen bezperan. Saipan ego, leialtasun eta identidade istorio bat da, eta kirolaren mundua gainditzen dau.
BBK Aretoan izango dira Lisa Barros D ‘Sa eta Glenn Leyburn, Saipan flmako zuzendariak.
- Martitzena 7: Copa 71 (11:00), Stuck On You: The Football Sticker Story + Greenland: Venezia (18:00) eta Two Tribes (20:00)
Stuck On You: The Football Sticker Story dokumentalak futboleko kromoen inguruan dagoan historia eta kultura liluragarria aztertzen ditu.
Eguneko ekitaldirik nagusiena arratsaldeko 20:00etan izango da, Two Tribes proiekzinoagaz. Film honek uriko futbol talde biren (Liverpool eta Everton) momentu gorenen eta Liverpoolen gainbehera sozioekonomikoaren arteko dikotomia aztertzen dau, futbola eta politikea hain lotuta dagozan urian.
BBK Aretoan izango dira Peter Reid, Everton ordezkatuz, eta Sammy Lee, Liverpoolekoa, futbol britainiarreko jokalari ohi handi bi.
Azkenik, azpimarratzekoa da jaialdiak ikastetxeei eskainitako goizeko emonaldi berezi bietako lehenengoa eskainiko dauela martitzen honetan, igazko Publikoaren Saria irabazi eban Copa 71 filma proiektauko da, genero bardintasunari eta emakumezkoen futbolari buruz hausnartzeko oso egokia.
- Eguaztena 8: Howard’s Way (19:00), Howard Kendall gogoratuz Joseba Aguirre, Peio Uralde eta Patxi Alonsogaz. Dokumental hunkigarri honek, aurretik Thinkingen emon zana, Evertonen historia kontetan du baita 1980ko hamarkadan Howard Kendallen zuzendaritzapean bere gorenera zelan heldu zan be. Horretarako, Peter Reidegaz (Kendallen Evertoneko kapitaina), eta Joseba Agirre eta Peio Uraldegaz (Athletic Clubeko jokalari ohiak) barriketaldi berezia atondu dau jaialdiak, Patxi Alonso kazetariak moderauta.
- Eguena 9: Kickoff (18:00) eta The Home Game (20:00). Kirgizistango herri txiki batean, tradizino konserbadoreek emakumeak etxeko esparrura baztertzen ditue, Gazik ezarritakoa haustea erabagi dau, emakumezkoen futbol txapelketa bat atonduta. “Kickoff”en arabera, joko soil batek egitura errotuak dudan jarri leikez, eskubideak aldarrikatu eta aldaketarako bideak zabaldu.
The Home Game Islandiako dokumental maitagarria da, eta herri txiki bateko talde bati jarraitzen deutso, etxean partidu ofizial bakarra jokatzeko abenturan. Thinkingera sari garrantzitsuakaz datorren filma da, Malmöko edo Glasgowko zinemaldietako ikusleen sariak, edo Islandiako urteko dokumental onenaren saria Klapptréko irakurleen eskutik.
- Barikua 10: Tigrar filmaren proiekzino berezia Osasun Mentalaren Munduko Egunean eta “Muy Lejos” (20:00), Mario Casasegaz. Barikua ikastetxeetako umeentzako bigarren proekzino bereziagaz hasiko da. Osasun Mentalaren Munduko Eguna dala eta, “Tigrar” proiektauko da, Thinking Football 2022ko publikoaren sariaren irabazlea.
20:00etan, “Muy lejos” filma proiektauko da Sala BBK Aretoan. Gerard Oms da filmaren zuzendaria, eta Mario Casas dau protagonista. Sergioren istorioa kontetan da filman. Haren familiagaz Utrechtera doa futbol partidu bat ikusten. Bartzelonara beltetako hegaldia hartu aurretik, ansiedade-eraso bat dauka eta Holandan geratzea erabagiten dau. Bere gertukoei azalpen koherente bat emon ezinik, joandako denporetako kontaktua bertan behera ixten dau.
- Zapatua 11: “One, Two, Three, Viva Algeria!” (18:00) eta hiru film labur 20:00etan
Asteburua “One, Two, Three, Viva Algeria!” pelikula frantziarraren proiekzinoagazn hasiko da. Izenburuak Aljeriako futbolaren historiaren eta Frantzia eta Aljeriaren arteko hartu-emonen eslogan banaezin bati egiten deutso erreferentzia. Dokumentaleank lelo horren historia kontetan da. Goiburu hori Aljeriako FLNren taldeagaz jaio zan Independentzia Gerran, eta 2010eko Munduko Txapelketan Aljeriako balentriaren oihartzuna izan eban berriro. 2019an, estadioetatik urten eta aldaketarako deia egin eban.
20:00etan, hiru film labur proiektauko dira: “Girls Move Mountains”, “My very own footballer!” eta “Nola jokatu zuten kosakoek futbolean”. Proiekzinoen ondoren, Honey Thaljieh 125eko enbaxadoreak hartuko dau parte barriketaldian.
- Domekea 12: “Love Lane” (18:00) eta “The Club That George Built” filmakaz amaierea (20:00). “Love Lane” filmak Bennyren istorioa kontetan dau. Lana galdu eta bere lagunik onenaren emigrazinoa ikusita, Sunday Leagueko bat-bateko futbol taldea osotzen dau iraganari eusteko. Erabagi horrek maitasun kaotikoa sortzen dau bere pisukideagaz.
“The Club That George Built” filmaren proiekzinoagaz agurtuko dau Thinkingak bere XIII. edizinoa. Bizitea aldatu eutson istripu baten ondoren, George Dowellek bere asmoa egia bihurtuko dau kluba eta bere umezaroko taldea, Worthing FC, eraldatu eta gero. Filmak Georgeren lehen personako testigantzea dokumentetan dau, desgaitasun bategaz bizitea zelakoa dan azaltzen dauena, bere klubaren igoerearen alde egiten dauen bitartean. Protagonista BBK Aretoan izango da filma jaialdiaren itxierea ekitaldian aurkezteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!