Iñigo Llopisek urrezko domina bi eta Nahia Zudairek urrezko bat eta brontzezko bi irabazi ditue

Bizkaie! 2025-10-02 08:45   Kirola

Singapurreko Munduko Txapelketan irabazitakoakaz pozarren dagoz.

Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire Basque Team Fundazinoaren bekea daben ugerlariei harrerea egin deutse Donostian Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak. Ondoetorri ekitaldira batu dira Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzailea, baita euren adierazpenak jaso nahi izan dituen komunikabide ugari be.

Nazinoarteko azken hitzordu handietan ohikoa dan lez, Iñigo Llopisek eta Nahia Zudairek mundu mailan erreferente handienetakoak dirala eta lehiaketa handietan faboritoen artean dagozala erakutsi dabe. Ugerketa Paralinpikoko Munduko Txapelketan 60 herrialde baino gehiagotatik joandako 600 ugerlari izan dira eta Llopis eta Zudaire bost domina ekarri ditue etxera.

Iñigo S8 kategoriako bizkar erako 100 metrokoan bikain ibili zan, erakustaldia emon eban orain urte bi Manchesterren irabazitako titulua berresteko. Llopisek urrea eskuratu eban 1:05.29ko markea ezarriz, Paris Jokoetan (1:05:58) eta Manchester 2023ko Munduko Txapelketan (1:05.32) egindako bere urrezko markak hobetuz, eta Espainiako marka personal eta errekor barria ezarriz. Urre horri, gainera, 34 puntuko estiloetako 4x100 metrokoan bereganatutakoa gehitu behar jako. Behin betiko lasterketan Oscar Salguero, Nuria Marquès eta Tasy Dmytriv izan zituan lagun. Konbinatuan lehen hiru postuetan bigarren postuari eutsi arren, 17 urte besterik ez dituan Tasy, azken metroetan gora egiteko kapaz izan zan munduko titulua irabazteko eta txapelketetako errekorra ezartzeko 4:31,50eko markea ezarriz, Britainia Handiaren (4:31.65) eta Australiaren (4:32.05) aurretik. Podiumean, goizeko serieetan sailkatutako beste hiru lagunek urrezko dominea jaso eben: Beatriz Lleidak, Nahia Zudairek eta José Antonio Marík.

Zubietarrarentzat txapelketako hirugarrena izan zan erreleboetako dominea. Lehenago be brontze bi irabazi zituen: estilo libreko 400 metrokoan eta bular erako 100 metroko proban. 100 metroko probea da ugerilariari gipuzkoarrari gustetan jakona eta horren erakusgarri da Parisko Jokoetan diploma paralinpikoa emon eutson laugarren postua. Gainera, proba honetan beste brontze bi batu ditu, Manchesterreko Munduko txapelketan irabazitakoa 2023an eta Europako Funchal txapelketan irabazitakoa 2024an.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu