Larrabetzuko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu ditue

Bizkaie! 2023-02-14 07:55   Kulturea

1936ko Gerra zibila, diktadurea eta gerrearen giza dimensinoa ditue oinarri.

Larrabetzuko Udalak UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeagaz batera herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu ditu. 1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktadurearen garaia eta gerrearen giza dimensinoa ditue oinarri obrok, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekarteko eta berauei autortza justu eta egiazkoa egiteko.

Hautatutako proiektuak eta egileak:

Zirrikitua (Eriz Moreno / Amaia Molinet)

Eriz Moreno (Bilbo, 1982) eta Amaia Molinet (Lodosa, 1988) artistek zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistikoa aurkeztu dabe, Larrabetzun Gerra Zibilaren aztarnak begiratuz. Proiektuan, gatazka hau jazoera historikotzat eta analisiak lekuan lekuko ikuspegia eta egileen ikuspegi personala be barrubatzen da, hau da, bai bere protagonisten ikuspegia (belaunaldiz belaunaldi ahoz pasetan dan memoria), baita Moreno eta Molinetena be, bertan, lurraldean. Proiektuaren emoitzea argitalpen bat da, bisita gidatu bategaz osotu daitekeena.

Hona Hemen orain ez dagoena (Liben Svaart).

Hona hemen orain ez dagoana gomuta historikoaren aztarnak jorratzen dituan proiektu artistikoa, erakusketa formea hartuko dauena zezeilean. Liben Svaart-ek (Leioa, 1994) erakusketa honen bidez bere ikerkuntzeari amaierea emongo deutso, prozesuan sortu diran artelanak erakutsiz: Alde batetik, soinu pieza bat, 31 minutukoa, Sol notearen ñabardurak plazaratzen dituana. Soinu pieza horri eten barik errepetiduten dan animazino batek laguntzen deutso, batera jarrita memoriak daukan lausotasuna adierazoz. Erakusketa hau osotzeko, bisitariak etxera eroan leiken orri baten neurriko piezak egongo dira ikusgai.

Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena (Ane Seijas eta Julen Sainz de Rozas)

(...) Emon eban erantzuna ez zan zuona, baina zuon galderea are okerragoa da. A dinoenak ez dau zertan B esan.

A eraikuntza bat zala konturatzea jazo daiteke baita (...)

Testu klasiko baten irakurketearen bidez, Ane Seijas (Amurrio, 1996) eta Julen Sainz de Rozasen ikus-entzunezko pieza honek Gerra Zibileko lurraldeari buruzko gogoetea dakar. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako Der Jasager und der Neisager (Baietz esaten dauena eta ezetz esaten dauena) da aukeratutako idazlana. Antzerki labur hau Taniko obra japoniarrean oinarrituta dago eta Brechten pieza didaktikoetako bat da; Marxen materialismo dialektikotik abiatuta eta antzerki ortodoxotik kanpo antzezteko idatzitako irakaspenezko obra txikiak”.

Antzezlana Lucio Uriartek euskeratu dau lehen aldiz proiektu honetarako, hasiera bardina baina amaiera ezbardina daben zati bi ditu. Hain zuzen, ikus-entzunezko pieza ezaugarri formal horretan oinarritzen da testua Gerra Zibileko Larrabetzugaz lotzeko: Bidearen lehen zatia Bizkargi mendian gertatzen da, bigarrena, barriz, Gaztelumendin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu