Bakeari kanta! Bakearen aldeko musika jaialdia Gernikan

Bizkaie! 2023-02-13 10:26   Pil-pilean

Zezeilaren 24an izango da Ukrainaren inbasinoaren lehen urteurrenagaz bat eginez.

Gernikaldea-Udaibaiko parrokiek atondutako Bakearen aldeko topaketea bakearen aldeko abestien jaialdia izango da, hainbat hizkuntzatan, gure inguruko hainbat abeslariren eskutik. Gure inguruko Bakearen aldeko topaketak 2009an hasi ziran, Bolibarretik Ziortzarako martxakaz, Bizkaiko beste parrokia batzuekaz batera, milaka lagun batzen zituenak. Gero formatua aldatu eta Bizkaia mailan topaketa gogoetatsuagoak atondu ziran. Aurten Gernikaldea-Urdaibaiko gure parrokiek topaketa edegia atondu dabe musika onaren zale eta Bakearen eraikitzaile guztientzat zabalik.

Bakea gure herrian. Baina, era berean, ezin dogu alde batera itxi gure munduan oindino gatazkan dagozan herri asko, Errusiak Ukraina inbadidu ebanetik lehen urteurrenagaz bat eginda.

Egitaraua

Juanjo Elezkano abade kantautore eta Bermeoko parrokoagaz hasiko da topaketea, talde batek lagunduta, Bakea, bakea kantuaz, gitarraz lagunduta. Ondoren, Miren Karmele Agirre Mundakako ordezkaria etorriko da, fusilau eben bezperan Lauaxetak idatzi eban poemea abestuz: Agur, Euzkadi! Ospatzaileak.

Ez dira bakarrak izango. Ondoren, Caritas Gernika alkarteko boluntarioek, Bizian Gora taldeko emakumeek, gitarraz lagunduta eta Gernikako katekesiko neska-mutilek parte hartuko dabe. Azken horreek Maitasunari interpretauko dabe. Leitekeana da beste ezustekoren bat izatea, baina kantaldia San Fidel Ikastolako eta Gernikako Mertzede ikastetxeko abesbatzek amaituko dabe.

Errezu ekumenikoa edo erlijino-artekoa

Islamaren erlijinoaren ordezkariek, kristinau ortodoxoek eta katolikuek, errezu bat konpartiduko dabe, erlijinoek Bakearen aldeko zubiak eregiten lagundu behar deuskuela adierazoz.

Erlijinoak ez leuke inoiz bakerako arazo edo eragozpen izan behar. Ekitaldia amaitzeko, bertaratutako guztiek Bake-mina klasikoa abestuko dabe.

Bakearen aldeko musikea

Gure herrian, azken urteotan, musikea, eta batez be abestutako letren mezua, batzutan alde baten edo bestearen indarkeriaren aldeko jarrerak defendiduteko edo zabaltzeko bidea izan da, edo bakearen hazia. Kantu horreetako batzuk, estilo askotakoak, zezeilaren 24an, barikua, entzungo dira Gernikako Parrokian, Asisko San Frantzisko bakearen profetearen gerizpean dagoan parrokian, hain zuzen be. Parrokia horretan, adiskidetzearen eta bakearen aldeko berbaldiak eta ekimen ugari egin izan dira. Bariku honetan beste kinu txiker bat egingo dogu, musikaz lagunduta. Erdu!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu