Labe Gazte Laborategia, Gasteizko gazteentzako espazio artistikoa, sortu dabe

Bizkaie! 2023-02-13 08:46   Kulturea

Gazteriaren Zerbitzuaren bidez Udalak bultzatu dau.

Ekimena aitzindaria izan da Gasteizen eta kulturea, sorkuntzea eta partaidetzea bateratzen dituan topaketarako gunea eskaini nahi deutse 12 eta 30 urte arteko gasteiztarrei

Gasteizko San Bizente Paulekoaren kaleak 12 eta 30 urte arteko gazteentzako eta gazteek bideratutako espazio artistiko barria dauka: LABE Gazte Laborategia. Lokala Udalak bultzatu dau Gazteriaren Zerbitzuaren bidez eta Gasteizko gazteek sorkuntzeagaz lotutako jarduerak bideratu ahal izateko topagune bihurtzea dau helburu. Kulturea, sorkuntzea, partaidetzea eta topaketa bateratuko ditu lokalak.

Gasteizko Udalak egokitutako gune fisikoa zabala da eta gazteek proposamenez bete deien atondu dabe. Labur-labur esanda, lokalak erakusketarako gunea, gune muralistikoa, tailer eremua eta areto handia ditu, berbaldiak, proiekzinoak edo eztabaidak egin ahal izateko edota sortu daitekezan beharren arabera moldatu ahal izateko.

“Lanean gogor hilebeteak emon ondoren, urte askoan uriko gazteek eskatu izan deuskuenaren modukoa dan espazioa egokitu dogu. Orain, barriz, erronkei erreparau beharko deutsegu. baita helburu handiagoei be, gazteakaz batera, guneari edukia emotea”, azaldu dau Gazteria saileko zinegotziak, Miren Fernández de Landak. Hain zuzen ere, proiektu hau bultzatzea zan Gazte Planeko jarduera-lerroetako bat.

Gune horren helburua da beren sormenezko proiektuak aurrera eroan ahal izateko espazioa behar eta jarrera eta interesa daben gazteen beharrei erantzuna emon ahal izateko baterako kudeaketa modukoa bultzatzea: “Erantzukizunak eta arriskuak onartuta, autonomia emon nahi deutsegu, adierazo dabe Gazteriaren Zerbitzuko arduradunek. Horrezaz gan, espazioak urian erreferenteak diran beste kultur eragile batzuekaz batera bizi eta kolaborau ahal izango dauela espero dabe. Horixe da, adibidez, dagoeneko alkarlanean dabilen Zas Kultur espazioaren kasua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu