'Gure esker ona Juleneri eta bere belaunaldiko emakume guztiei'

Bizkaie! 2023-02-10 13:23   Kulturea

Ziur nago enbor horretatik beste erreferente femenino asko sortuko dirala.

Lehendakaria gaur goizean Azkoitiko Udalak Julene Urzelairi (Azkoitia, 1912 - Caracas, 1983) eskaini deutson omenaldian izan da. Julene EAB-Emakume Abertzale Batzako militantea izan zan eta gizarteari egindako ekarpenagaitik eta bardintasunaren alde egindako burrukeagatik jaso dau omenaldia. Beatriz Artolazabal sailburuagaz batera, Lourdes Umerez artista azkoitiarra gogoratzeko egindako busto baten inaugurazinoan izan da Iñigo Urkullu. Ekitaldian izan da, besteak beste, Juleneren semea be, Caracasetik berariaz etorrita.

Ondoren, lehendakaria eta gainerako parte-hartzaileak Emakumeak Aberria Eginez erakusketearen inaugurazinoan izan dira. Erakusketea zezeilaren 26ra arte bisitau ahal izango da. Emakume Abertzale Batzak egindako lanaren omenaldia da erakusketea eta Julene Urzelai alkarte horren ikur izan zan.

Lehendakariak onartu egin dau emakumeek oinarrizko ekarpena egiten deutsela Euskadiren historiari: Julene eta Emakume Abertzale Batzako emakumeak, gure historia dira. Gure parte dira. Gure herriaren zutabe eta zutabe sendoak dira. Ekarpen handia egin eben eta inoiz ezingo deutsegu eskertu hareen lana esan dau.

Julenek bezela, bere belaunaldiko emakume askok ez ebela bizitza erraza izan gogorarazo ondoren, izan be, bidebako gerra krudel batek errotik zapuztu zituan euren amesak eta erbesteratzeko bideari ekin behar izan eutsen eta Iñigo Urkulluk emakume horreen ondarea babestu eta zabaltzen laguntzearen alde egin dau: Asko zor deutsegu holako emakumeei. Gure esker ona Juleneri eta bere belaunaldiko emakume guztiei. Ziur nago enbor horretatik beste emakume-erreferente asko sortuko dira esan dau amaitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu