Euskaltzaindiak webgunea osotu dau

Bizkaie! 2023-02-10 12:18   Kulturea

Erabiltzaileen mesedetan egin ditue lanok.

Euskaltzaindiak 2018an aurkeztu eban jentaurrean webgune barritua. Ordutik, urtero egin izan dira aldaketa txikiak baina oraingo honetan harago joan da Euskerearen Akademia, eginiko aldaketak esanguratsuak eta mamitsuak baitira. Holan, Akademiak webgunea osotu dauela esan daiteke, betibe erabiltzaileen mesedetan.

Ondokoak dira osotu edo ezarritako atalak, banan-banan: Euskaltzaindiaren Hiztegia: Egituratze eta itxura barria Euskaltzaindiaren Hiztegiaren hizkuntza-baliabidea eguneratu da: Bilatzaile barria landu da, funtzionalagoa, bilaketa-aukera barriak eskainita; bestetik, berbak topetako bide gehiago emoten ditu orain eta, beraz, zehatzagoa da.

Itxura barria dau hiztegiak baina, era berean, gehitu egin jakoz 2023ko lehen eguneratzean zuzendu edo ossotutako sarrera eta azpisarrerak eta bertan txertatutako sarrera eta azpisarrera barriak. Holan, 2022ko garagarriletik abendura, 1.959 forma moldatu ziran eta 404 forma barri gehitu (176 sarrera eta 228 azpisarrera).

Forma barriei jagonekez, gaurko corpusetan maiz agiri diranak, egunerokoak, gehitu dira (bioeraikuntzea, erresilientzia, gentrifikazino, administrazino(-)isiltasun, argazkia atara, asto(-)lan, demaseko, gizarte(-)langile, langile(-)mobimentu, zuntz(-)haustura...). Gainera, estadu bateko uriburu ez diran urietako herritarren izenak be landu dira (bartzelonar, mallorcar, newyorktar...), horreek guztiak Exonomastika batzordeagaz batera. Bai eta udalerri ez diran herritarren izenak be (itziartar, igeldoar, urrestildar). Onomastika batzordeagaz batera landu da atal hori.

Azken eguneraketan, hiztegi barruan jasotako esapide asko bistaratzeko lana egin da, adibideen artean galduta antzean egozanak: Astoa saldu eta mandoa erosi, begi txarra ez izan, odolean eroan, onddoak bezela, perretxikoen moduan, soka luzea ekarri, txapela kentzeko moduko, urre(-)bitsetan bizi, zakutik edo zorrotik, zapi zikinak eguzkitara atara...

Horrezaz gan, adibidetegia barrikusi da: Hornitu dira adibide barik egozan adierak, bai eta adibide zaharkituak barriez ordeztu be. Danetara, 1.517 adibide gehitu/kendu/moldatu dira aitatutako epean.

Danetara, 48.305 forma ditu orain hiztegiak (38.222 sarrera eta 10.083 azpisarrera) eta 67.722 adiera.

Adorez Hiztegiaren kasuan, ardurea dauen lantaldeagaz egindako hitzarmen baten bidez, Adorez Hiztegiaren datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu da, emoitzak modu konbinatuan ikusi daitekezalarik.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiaren titulartasunarena dan Azkueren Hiztegiaren edukia eta datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu da.

Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 11. argitaraldia be egin da. Bertan, 26 sarrera eta 34 azpisarrera barri eta TEI (Text Encoding Initiative) dalako testu-kodeketearen arabera egituratutako 7.377 adibide barri agertzen dira.

Azkenik, Bartolome Olaetxearen Kristinauben Doktrina osorik arakatu eta bertako adibideak gehitu dira.

Euskerearen Gramatika lanaren lineako bersinoa argitaratu dau Akademiak webgunean. Liburuaren eduki osoa modu aberastuan emoten da, konsulta-modu ugari eskainiz (aurkibidea eta testu libreko bilaketa). Testua bera be aberastu da: Baruko-estekak, laguntza kontestualak, nabegazino hierarkikoa... Eta, azkenik, osorik deskargetako aukerea be badago.

EODAren eguneratzea: Persona-izen epizenoen azalpen-testuak eguneratu dira Euskal Onomastikearen Datutegian (EODA). Testua eguneratzeaz gan, deskribapenaren barruan estekak gehitu dira, hiru baliabideetara: EH, OEH eta EODA.

Hildako euskaltzainen ataria: Osoak, ohorezkoak eta urgazleak; hildako euskaltzainen azpiatala gehitu jako webguneari. Bertan, euskaltzain osoen, ohorezkoen eta urgazleen fitxa biografiko osoak ikusi eta irakurri daitekez.

Argitalpen barria: Towards a Methodological Model for a Social History... Etxeberri bildumako 8. zenbakia PDF eta ePub bersinoetan eskaintzen da eta 500 orrialde pasautxo ditu.

Horrezaz gan, Towards a Methodological Model for a Social History of Languages: A basque contribution liburua online irakurteko sistemea garatu da. ePub formatua ardatz hartuta, edozein gailutan irakurteko bisorea landu da (bisore hori etorkizunean online formatuan argitaratzen dan Euskaltzaindiaren edozein liburutan erabili ahal izango da).

Hizkuntzen Historia Soziala iker-eremua gaur egun zertan dan aurkeztu ez eze, metodologia historiko soziolinguistiko zehatza eta zorrotza eskaintzen dau Euskerearen Historia Soziala egitasmoaren testuinguruan idatzitako liburuak. Eredu barritzailea izanik eta nazinoarteko ikertzaileek izan leikien interesa ikusita, soziolinguistikeari lotutako metodologiaren ingeleseko bersinoa egin dabe Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk (Euskaltzaindia – Euskerearen Historia Soziala egitasmoa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu