'Urraca, cazador de rojos' dokumentala aurkeztuko dabe Bilbon
2023-02-10 09:16 KultureaZezeilaren 14an, 19:00etan, Pedro de Echave zuzendariak aurkeztuko dau.
Sabino Arana Fundazinoak Urraca, cazador de rojos dokumentalaren gaztelaniazko bersinoa aurkeztuko dau Bilbon, Fundazinoaren egoitzan. Jatorrizko edizinoa, katalanez, joan dan urtearen amaieran aurkeztu eben.
Pedro Urraca Rendueles (1904-1989) espainiar polizia Francisco Francoren diktadureak erbesteko Bigarren Errepublikako agintari nagusiak hilteko atondutako errepresino-ekintzen burua izan za, besteak beste, Alemaniak Frantzia okupau eta gero, Agirre Lehendakariak eta beste euskal buruzagi jeltzale batzuek sufridutakoaren erantzulea izan zan eta, gainera, erbesteko Eusko Jaurlaritzearen egoitzea ostu eban. Era berean, Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentearen atxiloketea agindu eban, Companys Frantziako erbestealdian egoala, 1940an, eta geroago fusilau egin eben.
Urraca, cazador de rojos (2022) dokumentalak Pedro Urracaren seme Jean Louis eta loba Loretoren begirada kritikoz erakusten dau personea. Senide bi horreek Pedro Urracaren jarduerak gatxeretxi ditue jentaurrean eta urteak daroez haren itzaletik aldentzen. Holan, dozena bat lekukotasunek zorrotz dokumentautako kontakizun historiko baten harian, dokumentalak, gainera, Urracaren ondorengoek jasan behar izan eben kurutzebidea aztertzen dau.
Urraca eta euskal erbesteratuen kontrako jazarpena
1940ko bagila. Alemaniak Frantzia okupau ebala-eta, Jose Antonio Agirre Lehendakariak ezkutatu eta Belgikatik iges egin behar izan eban. Eusko Jaurlaritzeak Avenue Marceau kalean eukan erbesteko egoitzea, baina alemanek konfiskau eta agintari frankistei emon eutsen. Bitxia bada be, euskaldunei ostutako bulego horreetatik, Pedro Urracak gogotik lan egin eban une horretatik lehengo bizilagunen atzetik. Agirre Belgikan topetan saiatu zan helburu horri lotuta egindako bidaia batean eta, geroago, beste euskal erbesteratu baten etxean egindako miaketa batean, Urraca Francisco Javier Landaburu, hau da, erbesteko gobernuaren ordezkaria, atxilotzear egon zan, baina ate baten atzean ezkutatu eta onik urten eban.
Handik hile gitxira, 1941eko urtarrilean, Alsina ontzia Marseillan porturatuta zan, Hego Amerikara joateko asmoz, itsasontzian 300 errepublikazale joango zirala, tartean, euskal herritar ugari. Frantziako poliziek itsasontziaren urtekerea atzeratu eben. Pedro Urracak eta Victor Druillet frantses poliziak ontzira igon eta bidaiari askori galdeketea egin eta diruz nahiz bitxiz osotutako harrapakin handi batez jaubetu ziran. Eusko Jaurlaritzako Parisko ordezkaria, Rafael Pikabea, atxilotu eta portura eroan eben. Geroago, espetxera bialdu eben.
1944ko abuztua. Paris askatuta, Avenue Marceauko eraikina berreskuratu eben. Francisco Javier Landaburu barruan sartu zanean, Urracak eta bere laguntzaileek han itxitako agiri baliotsuak topau zituen. Gaur egun, agiri horreek guztiek frogatzen dabe Urracak errepublikazaleen kontra egindako errepresinoa, bai eta judu igeslariei eragindako estorsinoa be. Aitatutako dokumentazino hori guztia Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian gordeta dago gaur egun.
Oharra
Dokumentalaren egileek, besteak beste, Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoan egin dabe konsultea filmatu aurretik.
Iturria: Urraca, cazador de rojos dokumentalaren dossierra. Dokumentalaren produkzinoa: Quindrop Produccions Audiovisuals, S.L.. Sègula Films, Televisió de Catalunya, TVE eta IB3-ren laguntzinoa ezin ahaztu.
Bilboko proiekzinoaren ondoko eztabaida-saioan, Pedro de Echavek (dokumentalaren gidoilari eta zuzendarikidea, Felip Soleregaz batera) eta Gorka Landaburuk (kazetaria eta Eusko Jaurlaritzeak Parisen eukan ordezkari Francisco Javier Landabururen semea) parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!