Jardueraz betetako 5 egun Bilbon
2023-02-09 10:21 KultureaZezeilaren 17tik 21era kaleak mozorrotuko dira.
Aratusteen egitarau osoaren barri emon du Udalak. Edozeinentzako dobako jarduerak izango dira eta herritarrek jai guztietan parte hartzeko eta inpliketako konbita egin dau.
Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktore bikoteak antzeztuko dituen personaia nagusiek, Farolinek eta Zaranbolasek, inoiz baino presentzia handiagoa izango dabe programautako ekitaldi guztietan.
Aurtengo nobedade nabarmenen artean, hilaren 17an, barikuan, Arriaga Plazan hasiko dan Farolin eta Zaranbolas atxilotzeko ekitaldiaren eta Plaza Barriko karpara aldatuko diran umeentzako tailerren lekualdaketea dagoz.
Udalak protagonismo handiagoa emon gura izan deutso zapatuari, zezeilaren 18ari eta musika ikuskizun bat eta Plaza Barrian kontzertuak iragarri ditue.
Umeentzako tailerrak be lekuz aldatuko dira: Aurten, Plaza Barriko karpeak hartuko dau jarduera hori hilaren 18an, zapatu goizean eta arratsaldean eta asteleheneko, 20ko, eta martitzeneko, 21eko, arratsaldeetan.
Zezeilaren 17an, Bilboko Eskolen Aratusteetako Desfilea goizeko 10:30ean hasiko da Albian eta Kale Nagusitik Arenalera heltzea da asmoa Plaza Barriko karpan amaitzeko. Ordu erdi geroago, leku horretan bertan, ikasleek txokolatada goxoa probau eta Kolore Jantza ikuskizunaz gozau ahal izango dabe.
Egun horretan bertan, baina arratsaldean, 18:30etik aurrera, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketea izango da Arriaga Plazan eta 19:15ean, barriz, Plaza Barrian egingo dan epaiketea eta jente aurreko eskarnioa helduko dira. Jaiak leku berean jarraituko dau 20:15ean, Aratusteetako Koplatxoen Lehiaketako irabazleen saioagaz.
Arratsaldean, areto jantzak be izango dira Bilbao Sozial Dantza taldearen eskutik (20:45ean) eta Asier Bilbaok Enmaskarada ikuskizuna eskainiko dau (22:30ean).
Mozorro Lehiaketea
Zezeilaren 18an, goizeko 11:00etan hasiko dira umeentzako tailerrak Plaza Barriko karpan, Gargantua epaitegien gunean eta Plaza Biribilean gure aratusteetako personaia nagusien, Farolinen eta Zaranbolasen, gunea edegiko da. Erraldoi eta Buruhandiak be kaleetan ibiliko dira 12:00etatik aurrera Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik Arriaga Plazea eta Zazpi Kaleak zeharkatzeko.
Horrezaz gan, eguerdiko hamabietan Zapatu Handiaren inaugurazino ekitaldia izango da Plaza Biribilean eta eszenatokiak Little Harlem Akademia taldearen swing tailerra hartuko dau.
Ordu horretan bertan, Kale Nagusian, Bilboko Gaiteroek kaleak alaituko ditue Adiskideak fanfarreagaz batera eta Berastegi kaleko metroaren urtekeran Banakako Mozorro Lehiaketan parte hartu gura dabenen izenak jasoten hasiko dira.
Arratsaldeko 16:00retan kalejira tradizionala eta Aratusteetako Mozorro Lehiaketa klasikoa izango dira.
Hurrengo egunetan be makinatxu bat jarduera izango dira eta amaierea, barriz, hilaren 21ean, Sardinearen Akabuagaz amaituko da 20:00etan, Plaza Barrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!