XII. Ikasenpresa Azokea Eibarren, zezeilaren 9an

Bizkaie! 2023-02-08 12:20   Kulturea

Lanbide Heziketako 1.800 ikasle batuko dira.

Eibarko Untzaga plazeak Ikasenpresa Azokearen hamabigarren edizinoa hartuko dau bihar, pandemiaren ondoren barriro be normaltasunera bueltauta (2020ko zezeilean izan zan azokearen aurrez aurreko azken azokea). Beraz, aurten barriro, ikasgeletan ekintzaile kulturea lantzen daben Lanbide Heziketako ikasleek bat egingo dabe Eibarren, landu dituen Ikasenpresa proiektuak aurkezteko, Untzaga plazan eta Txantxa Zelain horretarako egokitutako karpa eta postuetan.

Ikasenpresa Azokea Tknika-k (Euskadiko Lanbide Heziketearen Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren barruan dagoana) atontzen dauen ekimena da, Eibarko Udalaren laguntzaz. Tknikako zuzendari Jon Labakak XII. Ikasenpresa Azokearen edegieran parte hartuko dau bihar, Eibarko Untzaga plazan.

Ikasenpresa Azokea

Untzaga plazan eta Txantxa Zelain kokatuko diran karpa eta postuetan erakutsiko ditue 1.800 ikasle inguruk euren ikastetxeetan jorratutako produktu eta zerbitzuak, ekintzailetzea sustatzea helburu dauen Ikasenpresa programearen barruko heldu da. Ekimenean parte hartzen daben Lanbide Heziketako 50 ikastetxetakoak dira guztiak.

Ikasleek landutako produktu edo zerbitzu horreek arlo eta sektore askotakoak dira, besteak beste, Ostalaritza eta Turismoa, Informatikea, Irudi personala, Arte grafikoak edo Jarduera fisikoa eta kirolak. Ikasleek aurkeztuko dituen negozio-ideak ikasten dabizen lanbide-arloakaz hartu-emon zuzenak izaten ditue. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte iraungo dau azokeak Eibarko Untzaga plazan eta Txantxa Zelain.

Zer da Ikasenpresa programea?

Ikasenpresa, ikasgeletan eskola-enpresak sortzea ardatz dauen hezkuntza-programea da. Proiektu horren helburuen artean enpresaren mundua ikasgeletara hurreratzea dago, baita gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea be: sormena, barrikuntza, talde-lana, erabagiak hartzea, informazinoaren kudeaketea, ekintzailetasuna, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa... Horrezaz gan, ikaslea, beste kultura eta gizarte-errealidade batzuetara hurreratzea eta ikastetxeen arteko alkarlana sustatu nahi da.

Ikasleek enpresa txiki bat jarriko dabe martxan ikasgelan eta enpresearen jarduera guztiak aurrera eroango ditue (irudi korporatiboa, administrazinoa, marketina, salerosketa...). Produktu edo zerbitzu errealak izango dira, eurek produzidu edo merkaturatutakoak.

Programearen helburuak:

 Ikasenpresa bat sortzea, ekintzaile izateak zer esan nahi dauen jaubetu daitezan ikasleak.

 Ikasleen gaitasunak jorratzea, profesional onak izan daitezan: Enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko.

 Ikasleak autoenplegua beste aukera on bat dala jaubetzeko sensibilizetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu