Artea neurtuz ospatuko dabe San Balendin Zeanurin, Eleizondon

Bizkaie! 2023-02-08 11:08   Kulturea

Datorren domekan 64 urte beteko ditu artea neurtzearen tradizinoak.

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan, San Balendin egunaren aurreko domekan, zezeilaren 12an. Aurten artea neurtzen daben 64. urtea izango da.

Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, aldi berean, bitxia atondu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, santua eleizatik atarakeran, herriko umeak agurra jantzan egingo deutse santuari eta ostean ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko.

Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie eta neurketearen aktea sinatu eta gero, orain arteko maiordomoak —Rosi Ipiñazarrek—, datorren urtekoari —Itsasne Atutxari— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— emongo da bertara hurreratzen diranen artean.

Ekintza horreek herriko txistularien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuen artean egingo dira. Aitagarria da orain dala hirurogeta lau urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamalau urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Pedro Lejarza eleizondotarrak ondokoa adierazo dau, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan.

Neurketen zehetasunei jagokenez, lehenengo neurketea 1959koa da eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz.

San Balendin Jaia, zezeilaren 12an, domekan

- 11:30ean: Mezea.

* Meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik Piedadeko ermitara prozesinoan eroango da.

* Herriko umeen Arrikibar Jantza Taldearen Agur jantzea San Balendini.

* Barauskarrian jango diran pamitxen bedeinkapena.

- 12:15ean: Piedadeko Artean Neurketea (ohitura honen 64. urtea beteko da aurten).

* Datorren urteko Maiordomoari agiri-liburua eta ermitako giltzak emotea.

- 12:30ean: Barauskarria: Urdaia, ardaoa eta pamitxea.

Herriko txistulariek eta Arkaitz Estiballes bertsolariak alaituko dabe giroa.

Artea neurtu ondoren, agiri-liburuan sinatzen dabe maiordomoak, neurtzaileak eta idazkariak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu