UPV/EHUko graduatuen ia %90ek lana dabe ikasketak amaitu eta hiru urtera
2023-02-08 10:32 Pil-pileanHogei bat titulazinoren kasuan, okupazino tasea % 100 ingurukoa da.
Euskal Herriko Unibersidadeko 2018ko promozinoko tituludunen % 87 lanean egoan graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak euskal unibersidade publikoko graduatuei buruz egindako Laneratzeari buruzko azterlana txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.
Inkestea 4.464 personari egin jaken (horreetatik 2.592 emakumeak) eta erantzunen indizea % 73koa izan zan. Aitatutako promozinoaren kasuan, okupazino tasea, esan den bezela, % 87koa da; jarduera tasea % 92koa; enplegu tasea % 80koa; eta lanbakotasun tasea % 13koa.
Ratio horreen ehunekoak ez dira aldatzen sexuaren arabera. Oso garrantzitsua da beste datu bat: Hogei bat titulazinoren kasuan okupazino tasea % 100ekoa da edo horretatik oso hur dago (horreen artean, Medikuntzea, Odontologia, Telekomunikazino Teknologiaren Injinerutzea, Injinerutza Elektronikoa, Injinerutza Elektrikoa, Industria Antolakuntzearen Injinerutzea, Farmazia, Erizaintzea, Biokimika eta Biologia Molekularra, Industria Elektronikaren eta Automatikoaren Injinerutzea, Ingeles Filologia, Elikagaien Teknologia eta Giza Nutrizinoa eta Dietetikea).
Eva Ferreira errektorearen eretxiz, “unibersidadeak oso positibotzat joten ditu emoitza horreek. Duda barik, arlo jakin batzuetan hobetu egin behar dogu, lan baldintza guztiak eta enpleguaren kalidadea hobetu behar ditugun bezela baina beharrezko hobekuntza horreek lortzea guztion lana da, gizarte osoari jagokon zeregina. Garrantzitsuena da datuok baieztatzen dabela unibersidadeko ikasketek gaitasuna emoten dabela, gaur egungoa lako egoera sozioekonomiko gogorretan be, maila szialean eta ekonomikoan oso balorauta dagozan jarduera profesionaletan jarduteko eta, aldi berean, ikasketei lotutako enplegu maila altuak bermatzen ditue.”
Laneratzeari buruzko azterlana
Lan egoereari jagokonez, % 72,92k besteren kontura egiten dau lan; % 3,81ek norberaren kontura; % 7,82k ikasten jarraitzen dau; eta gainerakoen artean dagoz doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituenak, lanbakoak, ezintasunen bat dabena, kooperatibetako bazkideak eta bestelakoak.
Ikasketei lotutako enplegu tasea (hau da, egindako ikasketekin lotura zuzena dauen lan batean ibiltea) % 84 da. Lan batean hasteko batez besteko denporea bost hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten kajonetik hasita. Azpimarratzekoa da, baita, emakumeen eta gizonen enplegu jokerak parekatu egin dirala: Jarduera tasea (% 92), enplegu tasea (% 80) eta lanbakotasuna (% 13) bardindu egin dira talde bietan, baina soldatetan alde txiki bat dago oraindino, emakumeenak apur bat txikiagoak baitira: batez besteko soldatea 1.600 eurokoa bada, emakumeena 1.588 eurokoa da. Lanaldi partzialari jagokonez, gizonezkoen % 17k dau aukeratuta lanaldi mueta hori eta emakumeen % 25ek.
Bestalde, aztertutako promozinoko personen % 78 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da eta bertan egiten dau lan eta % 2k egiten dau lan atzerrian.
Lanaldi osoari jagokon batez besteko soldatea 1.600 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Jakintza arloen arabera, soldatak ondokoak dira, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.891 euro), Zientzia Teknikoak (1.631), Gizarte Zientziak (1.518), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.460 euro), Giza Zientziak (1.443 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.413 euro). Emakumeen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonek baino ia 5 puntu gehiago). Lanpostuen balorazinoari jagokonez, ondokoak dira ondoen balorautako alderdiak: Lanpostuko eginkizunakaz zerikusia dabenak (7,9), soldaten zenbatekoa (6,9) eta lanean egonkortasuna izatea (6,8).
Alderdi akademikoak erabagigarriak diran arren enplegua lortzeko (% 23,85), ezaugarri personalek eta sozialek gaina hartu deutse (% 24). Lan merkatuan sartzeko bide nagusiei jagokenez, honako honeek nabarmentzen dira: Ingurune soziala eta profesionala (% 26,3) eta oposizinoak (% 21,5). Horreen ondoren, agertzen dira curriculum vitaea (% 14,7) eta unibersidade ingurunea (% 14,1), eskaintza zehatzari emondako erantzuna (% 12), autoenplegua edo ekintzailetzea ( % 3,7).
Hizkuntzen atalean, inkestatuen % 50ek adierazo eban egunero erabilten ebala euskerea eta % 32k ingelesa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!