Ramon Maria Aldasororen erakusketea Erandion, Basurtun, Zumarragan eta Gasteizen

Bizkaie! 2023-02-07 12:02   Kulturea

Zezeilaren 6tik 20ra, Erandioko Jose Murueta Kultur Etxean izango da.



Ramon Aldasoro 1897ko martiaren 20an jaio zan Tolosan. Madrilgo Unibersidadean zuzenbidea ikasi ondoren, abokatu lanak egin zituan Bilbon. Haren jarduera politikoari jagokonez, Donostiako akordioan parte hartu eban, gerora Espainiako bigarren Errepublikearen hazia izango zana. Errepublikearen aldeko hainbat taldetako militantea izan zan: Alderdi Errepublikano Autonomoa, Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistea eta, azkenik, Manuel Azañak sortutako Izquierda Republicanan.

1931n bigarren Errepublikea aldarrikatu eta hiru egunera, Gipuzkoako Gobernadore Zibil izentau eben.

Aurrerago Bizkaiko diputadu izentau eben Gorte Eratzaileetan. Gernikan, 1936ko urriaren 7an, José Antonio de Aguirre Lehendakariak Aldasoro Merkataritza eta Hornidura sailburu izentau eban.

Gerrea galduta, erbesterako bidea hartu behar izan eban. 1938ko zemendian, Jose Antonio Agirre Lehendakariak Ramon Aldasoro izentau eban sortu barria zan Hego Amerikako euskal ordezkaritzearen arduradun. Buenos Airesera joan eta Latinoamerikako hainbat estadutan lan egin eban, Eusko Jaurlaritzearen ordezkari.

Ramon Maria Aldasoro bakardadean hil zan 1952ko zezeilaren 2an Habanan, Kuban, bihotzekoak jota.

Gaur egun, oso gitxik ezagutzen dabe Aldasororen irudia eta gure historian izan eban garrantzia. Hori dala eta Leizaola Fundazinoak, Aldasorori eta bizi behar izan eban garaiari buruzko erakusketa ibiltaria atondu dau.

Erandiokon hamabost bat egun egin ostean, ondoko herrietan izango da erakusketea:

- Zezeilaren 20tik martiaren 6ra, Basurtuko Udaltegia (Basurto).

Helbidea: Zankoeta, 1. 48013 Bilbao
Telefonoa: 94.420.49.57

- Martiaren 6tik 20ra, Zelai Arizta Kultur Etxean (Zumarraga).

Helbidea: Zelai Arizti Parkean,20700 Zumarraga, Gipuzkoa
Telefonoa: 943 723 510

- Martiaren 27tik apirilaren 17ra, Hegoalde gizarte etxean (Gasteiz).

Helbidea: Alberto Schommer kalea, 10 - 01006 Vitoria-Gasteiz
Telefonoa: 945161880

Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu