Ane Iriondok eta Odei Guiradok eskuratu ditue Mintzolaren 2022ko Ikerketa sariak
2023-02-03 13:46 Kulturea2023ko bagilaren 15era arteko epea izango dabe lanak aurkezteko.
Odei Guirado Irasuegi
Mintzola egitasmoaren bidez, Gipuzkoako Aldundiaren eta Kutxa Fundazinoaren babesari eutsiz, ikerketea
sustatzeko deialdi bi egin zituan Euskaltzaindiak 2022ko urrian: Bata, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko bost ikerketa-lan edota master-amaierako lan saritzeko.
Deialdi batera zein bestera aurkeztutako lanak aztertu ondoren, gradu amaierako lan bi saritzeko erabagia hartu dau epaimahaiak:
Ane Iriondo Arizmendiren Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen Hizkuntza mudantzak.
Odei Guirado Irasuegiren Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria daben ikasleentzako harrera eta murgiltze-plana.
Saridunek 2023ko bagilaren 15era arteko epea izango dabe lanak eginda entregetako.
Hizkuntza mudantzak eta murgiltze-planak
Odei Guiradok Pulunpa (e)ta Xin! murgiltze-plana jorratuko dau bere gradu-amaierako lanean. Baina, zer da Pulunpa (e)ta Xin? Euskal Herrira heldu barria dan erdal jatorriko ikasleentzako harrera eta murgiltze-plan integrala da, azaldu dau Guiradok.
Egitasmoa Ikastolen Hizkuntza Proiektuan kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua dau oinarri: Holan, gitxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gagozala aintzat hartuta, euskeratik eta euskeraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proponidu dau, horren ardatz dituela euskerea, berbakerea eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozinoak, ludikotasuna, olgetea eta atxikimendua, gaineratu dau Guiradok.
Elgoibarko 16 eta 30 urtera arteko gazteek dituen hizkuntza mudantzak aztertuko ditu Ane Iriondok: Gazteok egoera ezbardinetan hizkuntza batetik bestera aldatzeko jokera izaten dogu. Hizkuntza aldaketa edota hizkuntza mudantza horreek, bizitzako bost egoeretan edota taldetan sailkatzen dira: Eskolea, institutua, unibersidadea, lan mundua eta maila pribatuan. Ikerketa honetan 2., 3., eta 4., egoeretan jarriko dogu fokua eta gazteen arteko hizkuntza aldaketa horreetan, generoak, hezkuntzeak eta inguruko personak izango dira ardatz, izan be, gaur egun Elgoibarren, emakumezkoen artean, euskeraz berba egiteko eta momentu oro hizkuntza horretan ibilteko jokerea dago. Gizonezkoetan, ostera, kontrakoa jazoten da: Egoera ezbardinetan hizkuntza bat edo bestea erabilten dabe. Baina, jokera horren ardatza hezkuntzan dagoala esan geinke, izan be, umetan ikasitako eskolak asko baldintzatzen dau: Ikastolara euskaldun familiak joaten dira eta Herri Eskolan, barriz, etorkinen seme-alabak dira nagusi, azaldu dau Iriondok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!