Guggenheim Bilbao Museoak Insights saileko atal barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2023-02-03 12:09   Kulturea

Asier Mendizabali eskainitakoa da.

Guggenheim Bilbao Museoak bideo barri bat aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Insights sailaren barruan. Bertan, Museoaren Bilduman lanak dituen artistakaz alkarrizketan ibilten dira erakundeko komisarioak. Oraingoan, Asier Mendizabal da protagonista eta Maite Borjabad arte-arduraduna izango dau barriketakide.

Topagune horretan Nom de Guerre instalazino hunkigarria dabe berbagai, Mendizabalek 2007an sortua Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako. Su-ontzi lez funtzionetan dauen metalezko edukiontzi bat, erregaiz betea eta kea atarateko hodi bertikal handi bat dira instalazinoa osotzen daben elementuak. Eskultura honetan, suak kultura askotan daukan esangura sinbolikoa dau ardatz artisteak, baita orain hamabost urteko euskal testuinguru soziopolitikoan.

BBK babesle dauen Sekzioak / Intersekzinoak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumeak 25 urte erakusketan ateak zarratu barri dituan Bizitza materiala atalean egin dabe barriketaldia: Naturearen oinarrizko elementuen eta horreek egungo testuinguruan dituen eraldaketen behaketeari eskainitako atalean, hain zuzen. Asier Mendizabalek denporearen joanagaz bere obrak hartu dituan esangura barriezondokoa adierazo dau: Piezearen funtzinoak aldatuz doaz irakurketa ezbardinen, gorabehera historikoen edo beste obra batzuen aurreko hurrekotasunaren arabera. Horrek guztiak aldarazo egiten dau piezea eta, ondorioz, obrak gainditu egiten dau ha sortzerakoan izan eban asmoa.

Bideo guztiak Museoaren webgunean dagoz eskuragarri hemen,  bai eta museoaren YouTube kanalean be.

Hamalau artista

Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu daben artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo, Prudencio Irazabal, Juan Luis Moraza, Jesús Mari Lazkano eta Asier Mendizabal.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu