'Egiptorako espedizinoen eta Euskal Herriko indusketen artean' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2023-02-03 07:55   Kulturea

Orain 100 urteko arkeologia da oinarria.

BIBAT-ek, Arabako Arkeologia Museoak, atondutako erakusketeak XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik Lurralde Santua eta Egipto ezagutzeko egindako espedizinoak erakusten ditu.

Howard Carter arkeologo ingelesak Tutankhamonen hilobia topau eta induskatzean egindako erretratu, liburu, dokumentu eta holakoakaz batera, erakusketako komisarioak oraintsu identifikautako krokodilo-momia bat nabarmentzen da. Erakusketako bisitariek XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte Euskal Herritik Egiptora eta Lurralde Santura bidaiatu eben personen dokumentazinoa, objektu personalak eta filmazino labur batzuen proiekzinoak be ikusi ahal izango ditue erakusketan.

Bizkaiko Arkeologi Museoan beira-arasa barriak sartu dira, Santimamiñe edo Lumentxa lako kobazuloetan egin ziran lehen indusketa zientifikoak erakusten dituenak. Beira-arasa horreetan indusketetan topautako piezak, estratigrafien marrazkiak edo J.M. Barandiaranek garaiko arte prehistorikoan espezialistak ziranakaz trukatu zituen gutunak erakusten dira.

Erakusketea maiatzaren 7ra arte egongo da ikusgai eta museo arkeologikoen arteko lankidetza-programen barruan sartzen da.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaiko Arkeologi Museoaren aldi baterako erakusketa barria aurkeztu dau gaur eta hor izan dira Iñaki García Camino, Museoko zuzendaria; María Luz Mangado, Historian doktorea eta erakusketako komisarioa; eta Joseba Ríos, historiaurrean aditua eta arkeologoa.

Diputaduak erakundeen arteko alkarlana azpimarratu dau: Alkarlan honi esker kontakizun aberatsagoa eta osoagoa eregiten da, historia herritarrei zabaldu eta hurreratuz. Lorea Bilbao Ibarrak materialak eta ezagutzak eskainiz erakusketa honetan lagundu daben erakundeak aitatu ditu: Nafarroako Unibersidadeko Zientzia Museoa; Kaputxinoen Artxiboko Liburutegia; Leongo San Isidoro Museoa; Tomás Cuadrado; Barandiaran Fundazinoa; Espainiako Filmotekea eta Gasteizko Eleizbarrutiko Seminarioa.

Erakusketako komisarioa María Luz Mangado da, Historian doktorea.

Erakusketearen inguruko jardueren artean, Maria Luz Mangadok Bajo el cielo de Oriente: viajes y expediciones vascas a Egipto y Medio Oriente izenburuko berbaldia eskaniko dau martiaren 28an, arratsaldeko 19:00retan.

Apirilean, barriz, domeketako tailer familiarra erakusketearen ingurukoa izango da eta Egiptoko Misterioak-Los misterios de Egipto titulua izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu