218 saltokik bat egin dabe Elhuyar-en 'Zezeilaren 11 erakusleihoak' ekimenagaz

Bizkaie! 2023-02-02 11:00   Kulturea

Zezeilaren 3tik emakume ikertzaileen irudiak ikusgai egongo dira makinatxu bat herritan.



Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna ospatuko da zezeilaren 11n. Nazino Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu eban 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan eien bultzatzeko eta nesken bokazino zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena jarri dau martxan Elhuyar-ek eta Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dabe parte. Gehienek zezeilaren 3tik 13ra egingo dabe baina badira beste hitzordu batzuk be: Deba, zezeilaren 10etik 20ra, Donostia, 10etik 17ra eta Elgoibar, martiaren 1etik 19ra.

Establezimendu bakotxak emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariagaz lotutako ilustrazinoak eta informazinoa batzen daben horma-irudiak jarriko ditue dendan eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe dendako erakusleihoa eta, beraz, emakume zientzialarien bizitzearen
eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena ikusarazoten lagunduko dabe. Aurten, Ginkana batean parte hartzeko aukerea be izango da (12 saltoki baino gehiago dagozan herrietan). Actionbound aplikazinoa deskargau, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneauta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko jake.

Horrez gan, Zezeilaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diran irudietan oinarrituta, erakusketea be izango da: Eureka! Zientzia Museoan, bihartik zezeilaren 17ra, zientzia eta teknologia-arloko 12 emakumeak omentzeko.

Erakusketeagaz batera, Emakumeak Zientzian ekimenak atonduta familientzako esperimentuak eskainiko dira zezeilaren 11n eta 12an museoan bertan; erakusketea Barakaldon izango da, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, zezeilaren 11tik 24ra.

12 emakume zientzialari omenduak

- Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959). Medikua eta antropologoa.

- Maryam Mirzajani (Teheran, Iran, 1977-2017). Matematikaria.

- Estibaliz Apellaniz Ingunza (Bilbo, Bizkaia, 1954). Geologoa.

- Emma Roca Rodríguez (Bartzelona, Katalunia, 1973-2021). Biokimikaria.

- Dorcas Muthoni (Nyeri, Kenya, 1979). Injineru informatikoa.

- Homira May Rezai (Jaghori, Afganistan, 1993). Medikua.

- Melissa Cristina Márquez Villalobos (San Juan, Puerto Rico, 1993). Itsas biologoa.

- Amaia Arranz Otaegui (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). Historialaria eta arkeobotanikaria.

- Sally Ride (Encino, AEB, 1952-2012). NASAko fisikaria, dibulgatzailea eta astronautea.

- Maddi Astigarraga Bergara (Deba, Gipuzkoa, 1997). Injineru biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa.

- Ainara Sangroniz Agudo (Elgeta, Gipuzkoa, 1991). Kimikaria.

- Katalin Karikó (Szeged, Hungaria, 1955). Biokimikaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu