Azkuna Zentroak 200 jarduera dakarz aurten
2023-01-31 13:35 KultureaTartean dagoz zortzi erakusketa eta nazinoarteko jaialdi bi.
Bilboko Azkuna Zentroaren 2022ko balantzea eta 2023ko egitaraua aurkezteko batu dira Udaleko eta kulturguneko arduradunak, Juan Mari Aburto alkatea eta Fernando Perez AZ-ko zuzendaria buru. Baikor agertu dira, 2022ko datuak bikainak izan ziralako eta 2023a jardueraz bete-beteta datorrelako.
Igaz miloe bi lagunek erabili zituen Azkuna Zentroko zerbitzuak, eta hori errekorra da. Publiko barria erakarri ahal izan dabe formatu barritzaileei esker, esate baterako, online programazinoen eta AZ Irratiaren podkasten bidez.
Hiru produkzino propio be aurkeztu zituen igaz. Horreetako bat, Ahots bat Erausorentzat. Trans Garai Baterako Epilogoa, zentroaren historian ikusiena izan zan, 27.000 lagun erakarri zituan eta. Udako erakusketek be arrakastea izan eben, 40.000 ikusle.
2023an bide oparo horri eustea da asmoa. Horretarako, 200 jarduera inguru atonduko ditue eta ehun artista inguru ekarri. Zortzi erakusketa ikusi ahal izango dira, tartean Somewhere from here to heaven, apirilera arte luzatua. 1960ko hamarkadako ikus-entzunezkoetan ezinbesteko sortzaile izan zan Bruce Brailleri eskainita dago.
Bene Bregadoren Decrecer erakusketea eta Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau-ren atzera-begirakoa be aitatzekoak dira, baita nazinoarteko jaialdi bi be, Gutun Zuria eta Prototipoak, Azkuna Zentroaren programazinoan ondo finkatuak.
Arte eszenikoen denporaldiak, ostera, bost antzezlan dakarz urtearen lehenengo seihilekoan, hasteko, Alberto Cortesen One night at the golden bar, martiaren 2an. Musika esperimentalari lekua egiteko, Hotsetan zikloa dator zezeila eta maiatza bitartean.
Zinemearen atalean, gustu guztietarako egitasmoak hartuko ditu AZ-k. Ezagunena, Zinebi, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia, baina urtean zehar etorriko dira beste batzuk be, zinema klasikori buruzkoak, Zinemaldiko pelikula aitagarrien proiekzinoak...
Aurten lehenengoz antolatuko dabe Hitza 22, pentsamenduaren nazinoarteko foro barria. Arkitekturea, filosofia, ekonomia, teknologia, politikea, zientzia... Leihoa edegiko dabe etorkizunari gaurkotasunetik begiratzeko.
Bestetik, urterik urte gero eta nabarmenagoa da Azkuna Zentroak sorkuntzea sustatzeko dauen zeregina. Kulturgunea espazio bizi izan daiten, laguntzinorako eta sormenerako hainbat programa ipiniko ditue martxan 2023an, esate baterako, Komikiaren Nazinoarteko Egoitzea (Quebec eta Angulemagaz lankidetzan) eta Lantegia Ideien Laborategia.
Argazkiak: Bilboko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!