Sormenezko lau proiektu aukeratu ditue Wanted lehiaketan

Bizkaie! 2023-01-31 09:17   Kulturea

Gazteen ekimenak bultzatzea da Getxoko Udalaren asmoa.

Irabazleak eta zinegotziak (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Wanted lehiaketan, gazteek aurkeztutako ekimen sortzaile eta artistikoei laguntzeko bekak emoten ditu Getxoko Udalak, eta 2022ko irabazleak zeintzuk diran esan dabe. Danetara, 28.377 euro jasoko ditue egitasmoak gauzatzeko.

Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Iñigo Urkitzak gazteei emoten jaken babesa nabarmendu dau, sormenagaz eta arteagaz lotutako proiektuak martxan jarteko. Ganera, ekintzailetzea sustatzen dala dino: Kasu batzuetan ekintzailetza-proiektuak ez izan arren, garapenean eskuratzen diran trebetasunak oso baliagarriak izan daitekez aurrerago enpresa bat sortzea erabagiten badabe. Horrezaz gan, udalerriko bizitza kulturala aberastuko daben proiektuak aurrera aterako dira.

Gazteria zinegotzi Gonzalo Ayo be Wanted Sariak emoteko ekitaldian izan da. Gazteen parte-hartzea eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi doguz, eta Getxon negozio-idea edo bestelako proiektu barriak loratzen lagundu, aitatu dau Ayok.

Hona lau proiektu irabazleak:

- Flish. Martín del Busto Ruiz de Velascok bultzatua, Bizkaiko paisajea eta iragan industriala aztertzen dituan erakusketa-proiektua da. Izenburuak erreferentzia egiten deutse euskal kostaldeko harri sedimentudun geruzei. 10.000 euroko laguntzinoa jasoko dau.

- Extraviados. Alejandra Orbegozo Gomezaren film laburrak oporretan jaioterrira bueltetan dan Marina gaztearen istorioa kontetan dau. Betiko lagunakaz jaia atontzen dabilen bitartean, aspaldiko gomutak jatorkoz. Filmak 6.996 euroko laguntzinoa izango dau, eta Getxon estreinauko da.

- Kalarte. Miren Eva Careaga Cortacans eta Leizuri Hernández Álvarezen sustapen artistikoko proiektu honetan, bigarren bizitzea emongo jake erabili ez diran uri-elementu batzuei, artisten parte-hartzearen bidez. 5.945 euro jasoko ditu.

- Motion Urban Dance-MUD. Iraia Gómez Arzak uriko jantzazaleentzat egindako proiektua da, lehiatu, konektatau eta ikasteko aukerak emoteko. Pandemian, lehiaketea egin eben online eta 1.700 bistaratze baino gehiago izan zituen. Hurrengo lehia, hau presentziala, apirilaren 16an izango da, Muxikebarrin. Emondako laguntzinoa 5.436 eurokoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu