Ernaux-en 'La femme gelée' euskeratuko dau Gema Lopez Las Herasek
2023-01-31 08:02 KultureaJokin Zaitegi itzulpen-lehiaketea irabazi dau.
AED-Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak eta Elkar argitaletxeak urtero egiten dabe Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketako deia, aurreko urteko Literaturako Nobel Sariaren irabazlearen testu bat euskeratzeko. 2022ko Nobel Saria Annie Ernaux frantsesak irabazi eban, eta haren La femme gelée liburua itzuliko dau Gema Lopez Las Herasek.
Izan be, Jokin Zaitegi lehiaketako epaimahaiak Lopez Las Herasen proposamenaren alde egin dau. Itzultzaile azkoitiarrak ia urtebeteko epea izango dau Ernaux-en nobelea euskerara ekarteko, antolatzaileen asmoa dalako 2023aren amaieran argitaratzea.
Epaimahaian Nora Arbelbide, Aiora Jaka eta Joseba Urteaga egon dira. Aurtengo Jokin Zaitegi lehiaketako babesleak, ostera, Arrasateko Udala eta Laboral Kutxa dira.
La femme gelée (1981) nobela autobiografikotzat joten da. Annie Ernaux-en txikitako eta gaztetako sasoiak gogoratzen ditu, batez be familiako kideak eta inguruan izan zituan emakume indartsuak. 1960ko hamarkadako belaunaldiaren erretratua be bada, idazlearen gaztaroa emakumearen begietatik kontetako ahaleginaz gan.
Lanbidez administrazino-itzultzailea dan arren, Gema Lopez Las Heras literaturea euskeratzen be badabil. Igaz plazaratu eban Literatura Unibertsala bildumako Landa aldeko neskak eta orain Jokin Zaitegi saria irabazi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!