'Ozentziyo' atunontziaren zaharbarritze integralari ekingo deutso Albaolak
2026-01-30 08:20 KultureaDonostiako portuko azken egurrezko arrantza-ontzi tradizionala.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak, barriro edegiko ditu ateak urtarrilaren 30ean, barikuan, lan eta eraldaketarako denpora bat hartu ondoren. Fase barri honetan, Ozentziyo izango da proiektu nagusia. Edegiera honek etapa barri bati emongo deutso hasierea, ontziola-museoak bere ondare bokazinoa eta euskal itsas ondarea babestu, aintzat hartu eta transmitidutek dauen konpromisoa sendotzen dituan honetan.
Orain arte Faktorian San Juanak hartzen eban espazioan, Ozentziyo atunontzia kokatuko da, Donostiako portuko azken egurrezko arrantza-ontzi tradizionala. Hau, xaxiango teknikearen azken ordezkaria be bada. Albaolak 2015ean salbau eban desegiteko zorian egoanean. Ozentziyok, bere kroskoan, kostako arrantza eta portu-ekosistemeagaz estu lotutako eta belaunaldiz belaunaldi arrantzaleek metatutako ezagutza tekniko eta soziala gordeten dau. Zaharbarritze integral hau eta honegaz batera aurkeztuko dan erakusketeak itsasoagazko hartu-emon mueta bat ulertzeko aukerea emongo adu, baita kostaldeko baxurako arrantzearen unibersoan sartzeko aukerea bere.
Berredegiera honen harian, Albaolak prentsaurrekoa egin dau bart, erakundeetako eta portu nahiz kultura arloko ordezkariakaz. Honako honeek egin dabe berba: Xabier Agote, Albaolako presidentea; Teo Alberro, Pasaiako alkatea; Iñigo Puerta, armadore ohiaren anaia; Izaskun Goñi, Pasaiako Portu Agintaritzako burua; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua; eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputadu Nagusia.
Aitamen berezia izan dabe prentsaurrekoan egon ez diran arren proiektu hau erabagigarri babestu daben bidaide pribatuak. Esangura horretan, Irizar-en konpromisoa azpimarratu da; hasieratik inplikau baita eta haren esku-hartzea oinarrizko izan zan ontzia desegitetik salbetako. Era berean, zaharbarritze integralaren etapa barri honetan, County Hall Arts Fundazino britainiarraren parte-hartzea nabarmendu da, kultureagaz, arteagaz eta ondareagaz lotutako ekimenak babesten baititu.
Donostiako portuan itsasontzi tradizionalen faltaz jaubetuta, Fundazioak Albaolaren eta Ozentziyoren zaharbarritze proiektuaren alde egin dau. Nabarmendu behar da, Finanzauto-ren bidez gauzatutako itsas industriaren sektorearen babesa. Bereziki aitagarria da konpainia horren inplikazinoa, izan be, Ozentziyo atunontziaren jatorrizko Caterpillar markako motorra enpresa horrexek hornidutakoa izan zan.
Faktoriaren etapa barri hau San Juanaren botadurearen ondoren etorri da. Ontziak lehorrerako eraikuntza fasea amaitu eta uretako etapeari ekin deutso. Gaur egun, Pasaia badian dago, portuare eremuan, jentaurrean bisitagarri bihurtu aurreko azken fasean, nabegagarritasuna ahalbidetuko dauen ekipamendu osoan zentrauta. Aldi berean, Faktorian jentaurrean San Juan baleontziaren oinarrizko elementuak lantzen jarraitzen dabe adituek: mastak eta kabiak, esaterako. San Juanaren eta haren historiaren inguruko erakusketeak be zabalik jarraituko dau. Beraz, San Juanaren eta Ozentziyoren arteko alkarbizitzea ez da lekukotza bat, jarraipena baino. Proiektu biek, testuinguru historiko ezbardinetatik abiatuta, helburu bardina dabe: euskal itsas ondarea babestea, lanbide tradizionalei bizirik eustea herritarrakaz joandako denporakaz, orainagaz eta etorkizunagaz lotutako ezagutzak konpartidutea.
Lan eta eraldaketa prozesuaren ondoren, Albaolak barriro edegiko ditu ateak gaur, urtarrilak 30. Gune kulturala izaten jarraituko dau, edozeinentzat egokitua, eta batez be ume eta eskola zentroetarako edukiz horniduta. Olgeta-orriak eta ariketa koadernoen bidez, personaje narratibo biren gidaritzapean: TXO, mikmak indiarren ordezkari txikia eta Txistu, Ozentziyoren bidelagun. Honegaz ikuspegi ludiko eta parte-hartzailea eskaintzen da erakusketen edukietara hurbiltzeko. Horrek familiak espazioa alkarregaz esplorau eta aurkeztutako kontakizun historiko eta cultural nagusiak deskubridutek aukerea izango dabe.
Egun horretatik aurrera, museoa bere ohiko ordutegian bisitau ahal izango da: martitzedn eta domeketan, 10:00etatik 14:00etara; eguaztenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta astelehenetan zarratuta egongo da, jaiegunetan eta bezperatan izan ezik. Sarrerak eta erreserbak aurrez egin daitekez hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
