Emakumeen arte eszeniko konprometiduen alde egin dau BBK Salak
2023-01-31 08:07 KultureaZezeilaren 3an, Natalia Monge getxotarrak sortu eta zuzendutako Arnasa jantza inklusiboaren piezea eskainiko dabe.
Lehen seihilekorako antzerki eta jantza-agendea aurkeztu eta arreta berezia eskainiko deutse dramaturgia eta hizkuntza eszeniko barriei, euskereari eta bertoko talentuari. Egitarauan, besteak beste, Natalia Monge getxotarraren jantza inklusiboko pieza bat dago, baita Eclipse total goretsiaren Euskadiko estreinaldia be.
Horrezaz gan, prestakuntza-zentro lez finkatzeko helburuari eutsiz, dramaturgia-tailerra atondu dau eta barriketaldiak be izango dira antzezlanen amaieran.
Bilboko BBK Salak arte eszenikoen agendea aurkeztu dau 2023ko lehen seihilekorako. Benetan, programazino hori urtarrilaren 14an eta 15ean hasi zan Yarin-en lehen saioagaz; Salaren produkzino propioa da, bultzatu dauen hirugarrena, kasu honetan Sevillako Flamenkoaren Biurtekoagaz batera. Muntaia honen erantzun bikainaren ostean, hemendik bagilera bitartean gozau ahal izango diran beste sei ikuskizunen barri emon da.
Programazino honen diseinua 2021ean edegitako lan arloaren jarraipena da eta, beraz, “BBK Salaren ezaugarri diran oinarrizko printzipioakaz bat datozen proposamenak baino ez ditugu hartuko: Kalidade artistiko handia eta konpromiso soziala”, laburbatu dau Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak. Seihileko honetan memoria, identidadea, justizia, familia zein bestelako gaiak jorratuko dira, dramaturgia eta hizkuntza eszeniko barriei, euskereari eta bertoko talentuari arreta berezia eskainiz; eta era guztietako publikoak hartuko dira bertan.
Gainera, emakumeak erdigunean jarraituko dau, esanez amaitu dau Sarasolak, ikuskizunen atal sortzaileetan emakumeen presentzia nagusia aitatuz (% 65ek baino gehiagok emakumeak ditue zuzendari eta/edo egile, hain zuzen be, oraindino emakume gitxi dagozan arren). María Goiricelaya antzerkigile eta zuzendari bilbotarrak, aretoko aholkulari artistikoak, orain be parte hartu dau aukeratutako tituluen hautaketan.
Kontuak kontu, barikuan, zezeilaren 3an, Organik taldearen “Arnasa” jantza inklusiboaren piezea eskainiko dabe, Natalia Monge getxotarrak sortu eta zuzendua. Lana inklusinoaren alde lan egiteko Mongek dauen interes personaletik sortu da eta jantzearen, testuaren, musikearen eta publikoaren alkarlanaren bidez beti lagun dogun zeozeri buruz hausnartzen dau: Arnasketea. Ikuskizuna dibersidade funtzionala dauen Carlos Alonso jantzariagaz batera sortu da eta ha da protagonistetako bat. Pilar Andrés eta Mikel Aristegui antzezleak eta Jon Ander Garamendi musikaria be partaideak dira.
Martiaren 4an, Espainiako estaduan denporaldiko antzerki-bitxi handienetako bat estreinauko da Euskadin, antzerkiaren ahalmen eraldatzailea be irudikatzen dauena, Salaren programazinoak horren alde egiten baitau: “Eclipse total” (Pont Flotant valentziarrena) Antzerki Ikuskizun Onenaren eta Antzerki Egile Onenaren kategorietan Arte Eszenikoen Max Sarietarako hautagaia da, heriotzearen gaia umorez jorratzen dauena.
Martiaren 24an, Bilboko aretoak Antzerkiaren Munduko Eguna ospatuko dau aldez aurretik, bertoko talentuari lagunduz, "Agurra" euskerazko lanagaz. Vidania gipuzkoar konpainia gazteak Agurtzane Intxaurraga zuzendari beteranoa eta Candido Uranga aktore ospetsua ditu euskarri komunikazino-arazoak dituen aita eta seme baten istorioa antzezteko.
Apirilaren 1ean, Kataluniako Titzina konpainiaren txandea izango da. Konpainia hori antzerki garaikidearen erreferentea da bere sormen-marka nahastezinari esker, antzezlanetan jorratzen dituen errealidadeen ikerketan, ia kazetaritza-ikerketan, oinarrituta. Testua eta antzerki fisikoa buztartzen dituan “Buho” istorioa antzezteko, amnesiaren biktimen bizipenak aztertu ditue.
Ahalik eta publiko gehien erakarteko asmoz, BBK Salak etxeko txikienei (3 eta 6 urte bitartekoei) zuzendutako ikuskizuna, “Bajau”, programau dau maiatzaren 7an. Kataluniako Ponten Pie konpainiaren ikuskizun bisual eta testurik bako honek uraren erabilereagaz harrituko gaitu, beste protagonista bat balitx lez. Ekintzaren zati bat giza eskalako akuario handi batean izango da; akuario horren inguruan kokatuko dira txikienak eta, holan, bizitasun handiagoz bizi ahal izango dabe antzerki-esperientzia hau.
Bagilaren 23an, Teatro del Barrio madrildarraren “Homenaje a Billy El Niño” produkzinoagaz amaituko da lehen seihilekorako programazinoa. Bertan, egileek (Ruth Sánchezek eta Jessica Beldak) memoria historikoaren benetako ariketea egiten dabe, frankismo eta Transizino garaiko polizia torturatzailea izan zan Antonio González Pachecoren biktimen benetako testigantzak batuta.
Sorkuntza-lan garaikideen erakusketan espazio eszeniko erreferente lez sendotzeaz gan, BBK Salak arte eszenikoen eta kultura eszenikoaren zabalkunderako prestakuntza-zentro lez be finkatu nahi dau bere burua aurten. Hori dala eta, dramaturgia-tailer bat programau dau barriro eta bere 'Desmuntaiak' izenekoak manteniduko ditu (emonaldietako batzuen osteko barriketaldiak publikoagaz eta artistakaz). Oraingoan, tailerra Eva Redondo antzerkigileak emongo dau goizez saio bitan (bagilaren 23an eta 24an) eta sektoreko profesionalei zein idazketan interesa dabeneizuzenduta egongo da.
Seihileko honetako ikuskizun guztietarako sarrerak dagoeneko salgai dagoz Kutxabank sarean eta bakotxaren amaierako prezioa 12 €-koa izango da (% 50eko beherapena Kutxabank txartelakaz). Umeentzako ikuskizunaren (“Bajau”, maiatzaren 7an) kasuan, 5 €-ko prezio bakarra egongo da. Antzerkigintza-tailerrerako izen-emotea laster edegiko dabe BBK Salearen webgunearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!