Euskal sortzaileen 26 obra Artium, Tabakalera eta Arte Eder Museorako

Bizkaie! 2023-01-26 13:28   Kulturea

Pandemiari aurre egiteko laguntzino berezi bati esker erosi ditue.

Gasteizen egin dabe aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euroko laguntzino berezia emon dau, bizirik dagozan euskal artisten obrak erosteko. Horren bidez, Gasteizko Artium Museoak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Tabakalerak alkarregaz adostutako 26 pieza erosi ditue, 18 artistarenak. Artiumen batzen dabiz pandemia sasoian hasitako bildumea, beste museo biakaz zein EAEko ganerakoakaz konpartiduteko.

Covid-19ak kultureari eragindako kolpea arintzeko laguntzinoa da Kultura Sailak emoten dauen hau. 2020an hasi ziran eta, urterokoa danez, dagoeneko hirugarrena izan da gaur, eguena, Gasteizen aurkeztutako erosketea. Diru gehiago izan dabe museoek aurten, laguntzinoa 200.000 eurokoa izan dalako, aurreko edizino bietako 150.000 euroen aldean.

Euskal bilduma historiko-artistikoa osotzeko dauen balioa ikusita, hurrengo urteetako aurrekontuetan be txertatu dau Jaurlaritzeak diru-laguntzinoa. Kultura sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu dauenez, pandemia sasoiko ekimen hau sendotu egin da balio publiko barria sortzeko arte garaikidearen bidez.

Zupiriagaz batera, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez, Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal egon dira aurkezpenean.

Hiru museoek aukeratu eta erositako obrak gaur egungo 18 euskal artistak eginak dira, hamar emakumek eta zortzi gizonek. Honeek dira:

José Ramón Ais (Bilbo, 1971), Ibon Aranberri (Deba, 1969), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Josu Bilbao (Bermeo, 1978), Leo Burge (Londres, 1991), Esther Ferrer (Donostia, 1937), Elena Goñi (Iruñea, 1968), Ibon Landa (Gasteiz, 1994), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), Inés Medina (Cáceres, 1950), Damaris Pan (Mallabia, 1983), Alberto Peral (Santurtzi, 1966), Txuspo Poyo (Altsasu, 1963), José Antonio Sistiaga (Donostia, 1932), Susana Talayero (Bilbo, 1961), Gentz del Valle (Lekeitio, 1957), Begoña Zubero (Bilbo, 1962) eta Alazne Zubizarreta (Arrasate, 1994).

Sortzaile guztiak bertokoak eta gaur egungoak diran arren, euskal artea askotarikoa dala garbi ixten dabe 26 pieza eta pieza-moltsoek. Formatuaren aldetik be danetarikoak erosten ahalegindu dira: pinturea, argazkigintzea, eskulturea, bideoa, instalazinoa, marrazketea eta obra grafikoa.

Artiumen egoitzea dauen Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo Bilduman sartuko dira horreek guztiak, ondare-funts publikoaren zati lez eta Bilduma partekatuaren atalean. 2020tik hona, 61 artistaren 117 lan erosi ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu