BBK Sala, Max Sarietarako hautagaitza gehien dituan euskal espazio eszenikoa

Bizkaie! 2023-01-26 08:08   Kulturea

2023ko Arte Eszenikoen Max Sarietako 20 kategorietarako hautagaiak 529 ikuskizunen artean aukeratu ditue.

Bilboko agertokiak bultzatzen dituen lehen produkzino propio biak, Yerma eta Borderland izeneko ganbera-operea, 2023ko zortzi ataletan hautatu dira.

Yerma

SGAE Fundazinoak (sarien antolatzaileak) ezagutzera emon barri dauen Arte Eszenikoen XXVI. Max Sarietarako hautagaien zerrendatik ondorioztatzen danez, BBK Sala da 2023ko edizio honetan hautagaitza gehien dituan euskal espazio eszenikoa. Ganera, Bilboko Kale Nagusiko erdiguneko agertokiak produkzino propio bi baino ez ditu egin eta horreek dira, hain zuzen be, bere 12 urteetan bultzatu dituan lehenengoak. Guztira, zortzi izan dira Yerma (2021) eta Borderland (2022) ganbera-operea batzen dituen kandidaturak.

Yerma, 2021eko irailean BBK Salan estreinautakoa, sei kategoriatan da hautagai: Ikuskizunik onena, Egokitzapenik edo antzerki-lanaren bersinorik onena eta Eszena-zuzendaritzarik onena (biak María Goiricelayarentzat, aretoko aholkulari artistikoa), Espazio eszenikoaren diseinu onena eta Argiztapen-diseinu onena (biak David Alkortarentzat) eta Emakumezko aktorerik onena (Ane Pikaza). Borderland (2022ko maiatzean estreinau eben, aretoan bertan) hautagaitza bi ditu: Musika ikuskizun edo ikuskizun liriko onena eta Egile barri onena (Marta Eguiliorrentzat).

Borderland


Borderland

Sala BBKk arte eszenikoen produkzino-zentro lez egindako ahaleginaren autortza horrek sendotu egiten dau espazioa Euskal Herrian eta Estaduan, izan be, orain urte bi baino ez eban erabagi arte-sorkuntzako lan horretan inpliketea. Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazo dauenez, orain arte aretoak kalidadearen alde egindakoak saria jaso dau. Gainera, tokiko talentuari emondako laguntza sendoari esker, hainbat euskal artista izan dira orain Max Sari honeetarako hautagaiak. Nabarmentzekoa da BBK Salak parekidetasunagaz dauen konpromisoa (bai programetan dituan ikuskizunetan, bai produziduten dituenetan be, emakumeen presentzia zuzendaritza eta egiletzea lako ataletan azpimarratuz, gehienetan emakumeak gitxiengoa izaten jarraitzen baitabe. Holan, emakumeek idatzi eta zuzendutako produkzino propio bi horreek hiru hautagaitza personal eskaini deutsee egileei: Goiricelaya (egokitzaile eta zuzendari lez) eta Eguilior (zuzendari lez).

Sala BBKk produktore lanetan jarraitu dau 2023an, orain aste bi, bere hirugarren sorkuntza propioaren estreinaldiagaz, "Yarin", kasu honetan jantza pieza bategaz eta koprodukzinoan Sevillako Flamenkoaren Biurtekoagaz batera.

2023ko Arte Eszenikoen Max Sarietako 20 kategorietarako hautagaiak 529 ikuskizunen artean aukeratu ditu Batzorde Atontzaileak izentautako batzorde batek eta, beraz, kategoria bakotxeko hogei bat izen aukeratu dira. Sariak emoteko ekitaldia Cadizen (Gran Teatro Falla) izango da apirilaren 17an, baina, horren aurretik, kategoria bakotxeko hiru finalistak iragarriko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu