Jardueraz betetako egitarau berezia Bizkaiko foru museo eta guneetan

Bizkaie! 2023-01-25 09:40   Kulturea

Erakusketak, ibilbideak... Ehun ekintza baino gehiago dakarz 2023ak.

Foru Aldundiaren eta museoen ordezkariak, Bilbon (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

2023ko programazinoa martxan da Bizkaiko museo, gune eta aretoetan. Urtero lez, gure historia, ondarea eta artea ezagutzeko erakusketak eta bisitaldiak izango ditu publikoak eskura, baina, ganera, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapeko dozena bat gunek bat egin dabe Asko... eta gehiago lemadun kanpainea zabaldu eta programazino sendoa atontzeko, ehun jarduera baino gehiagokoa.

Honeek dira: Arkeologi Museoa (Bilbo), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskerearen Etxea (Bilbo), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko burdinolea (Muskiz), Muñatones gaztelua, (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbo).

Askotariko eta hurreko programea dala azpimarratu dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak. Beragaz batera, kanpainea aurkezten izan dira Kultura zuzendari Begoña de Ibarra, BizkaiKOA-ko zuzendari Asier Madarieta eta hamabi foru museo eta aretoetako arduradunak.

Gure helburua da Bizkaiko kultura ondare aberatsa herritar guztiei hurreratzea, erakustea zein aberatsa izan daitekeen tamainuz txikia baina kulturan handia dan lurralde bat. Gure areto eta museoak erakusleiho bihurtu nahi doguz, bizkaitarrei buruz berba egiten dabenak, istorioak, kondairak, gure abestiak, lanbideak, amesak eta bizipenak kontetako, adierazo dau Lorea Bilbaok.

Leku bakotxeko erakusketa iraunkorrez gan, aldi baterako 30 erakusketa sartu ditue egitarauan. Era berean, ehun jarduera osogarri inguru egongo dira (ibilbide gidatuak, berbaldiak...) eta 15 argitalpen plazaratuko ditue.

Urteak dakarzan barritasunen artean azpimarratzekoa da Rekalde Aretoak fatxada biratuko dauela Rekalde zumarkaletik Iparragirre kalera, eta han ikusi ahal izango doguz Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Ertibil programearen erakusketak, besteak beste. Handik hur, Ondare Aretoan, erakusketa gehiago ipiniko ditue, esaterako, José Manuel Rozasena eta Bilboko zinema aretoetako arkitekturea agertzen dauena.

Aitatzekoak dira, ganera, Bermeoko Arrantzaleen Museoko 75. urteurrena eta horregaz lotuta datozen jarduera bereziak. Gernikan, Euskal Herria Museoan erakusketa honeek egongo dira: Abangoardiako 10 emakume Bizkaian, Basques in California eta "Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua.

Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan materialak, datuak eta objektuak erakutsiko ditue, 1918tik egin diran azterlanetan erabiliak. Bilboko Arkeologi Museoan monumentu megalitikoak, Egipto zaharreko bizimodua eta arte garaikidea izango dira gai nagusiak.

Enkarterriko jentearen ekina erakusten segiduko dabe La Encartada fabrika-museoan eta El Pobaleko burdinolan. Azken honetatik hur, Muñatones gaztelua dago, Erdi Aroko gorabeheren lekukoa.

Txakolingunearen eskaintzea beti da berezia, gastronomia eta ondarea buztartzen ditualako. Bizkaiko historiaren txatalak be badagoz, esate baterako, ikusgai dagoz Iragarki zaharrak Bizkaiko prentsan. 1859-1939 eta Eulalia Abaitua. Gure aurreko andrak erakusketak.

Azkenik, aurkezpenean aitatu ditue foru museoen eskaintzea aberastu eta beste adierazpen artistiko batzukaz buztartzeko helburuz antolatzen diran ekimen orokorrak. Aurreko urteetan lez, museoak eta arte eszenikoak lotuko ditue 2023ko MusEkintza programan eta Europako Ondarearen Jardunaldiak helduko dira urrian.

Museoak kultura ondarea zabaltzeko lekuak dira, hori dala eta, askotariko jarduera didaktikoak eskaintzen ditue eta ikastetxetako beharrei egokituta dagoz, dino Lorea Bilbaok.

2023ko jardueren egitaraua hemen deskargau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu