Zazpi Kaleetako Paragüeria Leoz sartu dabe Bilbon ehun urte bete dituen saltokien zerrendan
2023-01-24 12:45 Kulturea'EHUN: Betiko dendak betirako' proiektuaren barruan atondu da.
Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, mendeurrena ospatzeko liburua eta baldosea emon deutsoz Paragüería Leoz guardasol-dendako Lourdes Leozi. Leoz familiak zuzentzen dau guardasolak saltzen eta konpontzen dituan Belostikaleko artisautzako familia-saltokia. Denda enblematiko hau inaugurau ebenetik dago Belostikalen, Santiago Katedraleko arkupeen alboan. Bertatik igaro dira, orain arte, Leoz familiako hiru belaunaldi.
Ekitaldia EHUN: Betiko dendak betirako proiektuaren barruan atondu da, izan be, horren bitartez ehun urte bete dituen negozioen ekarpena autortzen da, Bilboko merkataritzearen tradizinoa eta oinarri diralako. Holan, irudia sendotu nahi da eta turismo-ikono lez sustatu.
Bestalde, ekimenak banakako aholkularitzea eskaintzen deutse honako gai honeetan, besteak beste: Marketina, giza baliabideak edo finantzak, betibe, urian iraunarazotea eta etorkizuna bermatzea lortzeko.
Irailean eta Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan omenaldi berezi eta beroa egin jaken uribilduan ehun urte beteak zituen 61 saltokiri.
Bilboko alkateak eta Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia dan Xabier Ochandianok Leoz familiagaz izan daben topaketea, hain zuzen be, EHUN: Betiko dendak betirako proiektuaren beste omenaldi bat da, bilbotar guztion egunerokoan dagozan eta ehun urte beteak dituen saltokien zerrendan sartuko da Paragüería Leoz guardasol-dendea eta besteek egiten daben legez, Bilboko merkataritza-esentzia eta tradizinoa gordeten lagunduko deusku. Paragüería Leoz guardasol-dendeari esker, beste saltoki historiko bat dogu Ibaiondo auzoan, Abando, Rekalde, Uribarri eta Deustuko auzoetako ehun urte beteak dituen saltokiakaz bat eginez.
Paragüería Leoz
Guardasol-dendea artisautzea lantzen dauen familia-saltoki bat da eta guardasolak saltzeaz eta konpontzeaz arduratzen dira bertan. Dendan leku, persona eta egoera guztietarako guardasolak ikusi daitekez. Juan Leozek sortu eban dendea, berak Posta kaleko antxinako guardasol-denda batean ikasi eban lanbidea. Denda hori zarratu ebenean, Belostikalen bere guardasol-dendea zabaltzeko erabagia hartu eban Juanek. Ordutik, negozioan ibili dira Juan Leozen seme-alabak, Elisa, Fernando eta Juan Manuel eta gaur egun lobeak kudeatzen dau, Lourdesek, hain zuzen be. Txiki-txikitatik barruratu eban guardasolak saltzeko eta konpontzeko gaitasuna eta, horretarako, aititak itxi euitsozan tailer eta lanabes bereziak ditu.
Ehun urte bete dituan saltokia izan arren, Paragüería Leoz saltokia teknologia barrietara egokitu eta, horretarako, guardasolen bildumea online eskaintzen dau.
Mendeurrenera heldu diran saltoki guztiek gaurtik aurrera Paragüería Leoz guardasol-dendeak be, Bilbon ehun urte beteak dituen saltoki lez bereizten dituan oroigarria izango dabe ikusgai erakusleihoetan, baldosea, hain zuzen be.
Gainera, negozio guztien historia jasota dauen liburuxka bat eskainiko deutse bezeroei. Liburuxka hori, gainera, salgai egongo da Bilboko turismo-bulegoetan.
Horrezaz gan, Bilboko Udalaren, Bilbao Ekintzaren eta Bilbao Turismoren webguneetan konsultau eta deskargau daitekeen bersino digitala izango dabe eskuragarri.
EHUN: Betiko dendak betirako proiektuagaz, hain zuzen be, banakako aholkularitzea emongo jake historia luzea daben negozio horreei, saltzeko eredu barrietara egokitu daitezan eta, holan, Bilbon daben ibilbidean aurrera egin deien. Era berean, uriaren turismo-irudi lez sustatzen lagundu nahi da.
Programearen barruan eta negozioen banakako diagnostikoa egin ostean, aholkularitza berezitua egiten dabiz marketina, arlo juridikoa eta finantza arloa edo giza baliabideak hobetzeko, besteak beste.
Ehun urte beteak dituen saltokiak dira 90 urte baino gehiagoko merkataritza-jarduera (nahiz eta kokapena aldatu izan) daben saltokiak, baldin eta belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatutako negozioak badira eta saltzen dan produktu-muetea edo lan egiteko moduari eutsi badeutse.
Farmaziak, elikagaien saltokiak, estankoak, loteria-negozioak, moda-dendak eta bestelakoak dagoz zerrenda historiko horretan, izan be, gaur egun, ehun urte beteak dituen Bilboko 62 saltoki dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!