'Begiratu urrunera' lemapean egingo dabe 2023ko CAF-Elhuyar Sariketea
2023-01-24 09:16 KultureaEuskerazko dibulgazinoa eta zientzia kazetaritzea bultzatzea da asmoa.
Zezeilaren 6ra arte aurkeztu leitekez aurtengo CAF-Elhuyar Sarietarako hautagaitzak. Begiratu urrunera goiburupean, zientzia eta teknologiaren alorreko lanak eta ikerketak euskeraz gizarteratzeko ahalegina autortu eta bultzatzeko helburua dau deialdiak.
Hiru kategoria nagusitan banatuta datoz CAF-Elhuyar Sariak, eta dibulgazino-artikulu original onenarenak azpikategoria bi ditu: batetik, dibulgazino orokorrekoak; bestetik, autorearen doktore-tesian oinarritutakoak. Irabazle bakotxak 2.000 euro, Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetzea eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulturea jasoko ditu.
Bigarren atala zientzia-kazetaritzea da. Hedabideren batean agertutako erreportaje, artikulu eta antzekoek hartu leikie parte eta irabazleari 2.000 euro, aldizkariaren urtebeteko harpidetzea eta Andonegiren eskulturea jagokoz.
Hirugarren atalean ez da egindako lan bat sarituko. Kontrara, sorkuntza-bekea emongo jako zientziaren eta teknologiaren alorreko gaiak gizarteratzeko proiektu bati. Irabazleari 5.000 euro emongo deutsez proiektu hori gauzatzeko. Ganera, eskulturea be jasoko dau.
Horrezaz gan, kategoria orokorretatik kanpo, lehen sektoreagaz lotutako Neiker Saria emongo dabe, izen bereko enpresearen babesari esker. Lehen sektoreko jarduerakaz lotutako artikulurik onena aukeratu, eta 2.000 euro emongo deutsez. Beste sariakaz bateragarria da, hau da, Neiker Saria irabazten dauenak ez dau galduko beste kategoriaren batean saritua izateko aukerea.
Informazino gehiago eta hautagaitzak bialtzeko loturea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!