Hemen da I•D Arte eskolearen Arte eta Diseinu Jardunaldia

Bizkaie! 2023-01-23 12:31   Kulturea

Urtarrilaren 25etik 30era izango dira jarduerak.

I•D arte, Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako ikasle eta irakasleak prest dagoz euren jarduera artistiko, sortzaile eta profesionalagaz lotura zuzena daben jardueraz beteriko astean sartzeko. IDarte fest Vol. 01 hastear da, I•D arteko ikasleak hainbat sektoretako profesionalekin lotzen dituen arte eta diseinu jardunaldiak, bide batez eskolea herritarrei zabalduz.

IDarte fest jardunaldiak, bere lehen bolumen honetan, jarraipena emoten deutso Gasteizko Betoño auzoan egoitzea dauen eskoleak azken bost urteetan atondutako diseinuaren asteari. Aurreko edizinoetan bezela, I•D artek jardueraz beteriko astea dakar, diseinuaren eta artearen sektoreko profesionalen berbaldiak atonduta, besteak beste, Iñigo Segurola paisajistea, ZÜR arkitektura estudioa, Javi Royo eta Mikel Valverde ilustratzaileak, Carlos Santana adimen artifizialean aditua dan diseinatzailea edo Marisa Gallén diseinatzailea, Diseinuko Sari Nazionala.

Jarduerak – hogeitik gora –, eskolako ikasleei zuzenduta dagoz, baina sektoreko profesionalei eta, oro har, herritarrei zuzendutako programazinoa be badago. Aurten inoiz baino gehiago, I•D artek bere burua ezagutarazo nahi dau herritarren aurrean, eskoleak egiten dauen lana eta bertan ikasten daben ikasleen maila altua erakutsiz.

Programazio zabala

IDarte fest Vol. 01 jardunaldiak aukerea emoten deutse Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako Arte Eskolako ikasle eta irakasleei, egun batzuetan, ikasgelako eguneroko errutinatik urten eta sektoreko profesionalak bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, eskoleak IDarte fest jardunaldiaren programazinoa zabaldu egingo dau urtarrilaren 25ean, 26an, 27an eta 30ean egingo baitira dira, Vital Fundazioaren babesari esker, eskolearen egoitzan bertan (Betoñun), Vital Fundazinoa Kulturunean (Bakea kalea, 5), baita Gasteizko erdialdeko kaleetan be.

Era berean, PUCK Cinema Caravana be Arabako uriburura hurreratuko da, munduko zinema-aretorik txikiena. Zinema-areto ibiltari bihurtutako karabana da PUCK. Barrualdea proiekzino gela txiki bat da, zazpi lagunentzako lekua dauena. Bertara sartze hutsa uniberso oniriko batean barruratzea da. Zinema-areto ibiltari berezi honetan mundu osoko egileen animazinozko film laburrak erakusten dira.

Erakusketea

I•D arteko ikasleek egindako hainbat lan eta proiektu batzen dituan erakusketea be atondu da urtarrilaren 24tik zezeilaren 19ra, Vital Fundazinoaren Erakusketa Zentroan (Posta kalea 13-15, 3. aretoan). Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolak emoten dituen ziklo eta gradu guztietako ikasleen lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste, ilustrazinoko Mazoka Bekearen irabazlearenak, Animazino zikloko ikasleek egindako proiektuak, Gazte Klik-klak argazki-lehiaketako lan irabazleak, Barnealdeen Diseinuko Visual Sarien lan irabazleak edo Diseinu Grafikoko ikasleen kasuan, packaging proiektu inklusibo bat eta gradu amaierako tipografia proiektu bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu