Pasaia, Tutera eta Ondarroako horma-irudiak, munduko hamar onenen artean
2023-01-23 07:55 KultureaUrtarrilaren 30era arte emon leiteke botoa, onena aukeratzeko.
Kaleko horma-irudi edo mural handiez arduratzen dan Street Art Cities alkartea aurtengo onena aukeratzen dabil, mundu zabalean dagozan milazak horma-irudiren artean. Ehun onenen artean sartu ziran Euskal Herriko hiru eta danak pasau dira azken fasera. Mundu osoko hamar mural baino ez dagoz azken zerrenda horretan.
Pasaian, Tuteran eta Ondarroan ikusi geinkez bertoko hiru finalistak. Urtarrilaren 30era arte, erabiltzaileek botoa emon leikie Street Art Cities webgunean, eta halan erabagiko dabe hamar finalisten artean zein dan munduko onena.
Lian artista kataluniarrak egin dau Ondarroako horma-irudia. Saregileen omenezko obrea da, herriko bizimoduan eta ekonomian funtsezkoa izan dan ofizio hori gogoratzeko eta autortzea kalean dabizan guztien bistan ipinteagaitik. Zuri-baltzezkoak dira irudiko elementuak, kolore biziko sareak izan ezik.
Tuterakoa, ostera, Futura Tudela jaialdiaren barruan egindako horma-irudia da. Hau be sortzaie kataluniar batek egina da, Slim Safont-ek, Wedo Goas galiziarragaz batera. Hiru gizon-emakume ikusi geinkez marrazkian, mahaiaren bueltan edanean, kolore ilunak inguratuta.
Nextor Otaño, Nexgraff, gipuzkoarrak egin dau Pasaiako horma-irudia, Trintxerpe auzoko Casa Ciriza dalakoaren fatxadan. Emakume baten irudia agertzen da, kolore gorri eta moreetan; eskuan itsasontzi gorria dau, arrantzan erabilten diranen modukoa. Illumbe musika alkartearen enkarguz sortu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!