Eneko Barberenaren liburu barriak zabalduko dau 2023ko (H)ilbeltza

Bizkaie! 2023-01-23 09:27   Kulturea

Urtarrilaren 23tik 29ra egingo dabe Nobela Baltzaren Astea, Baztanen.

Iruñeko Karrikirin aurkeztu dabe 2023ko edizinoa (argazkia: (H)ilbeltza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Literatura baltzak urteroko hitzordua dau Baztanen. (H)ilbeltza, Euskal Nobela Baltzaren Astea gaur, astelehena, hasiko da. Urtarrilaren 29ra arte, liburu aurkezpenak, barriketaldiak, zinema proiekzinoak eta beste ekitaldi ugari atonduko ditue.

Jaialdiari ekiteko modurik onena, duda barik, V. (H)ilbeltza Bekearen irabazleak idatzitako liburua ezagutzea da. Eneko Barberenak Suak erreko ez balu nobelea (Txalaparta) idatzi dau Baztandik heldutako laguntzinoari esker, eta oraintsu plazaratu dau. Gaur, urtarrilak 23, aurkeztuko dau, Arizkungo Medikuaren Etxean (19:30).

Hilaren 25ean, ostera, Joseba Sarrionandia idazle ezaguna izango da Baztanen, Anizko Mendiarte alkartean hain zuzen. Odol bearbaguea, argituco du eguia eurea izenburuko berbaldia emongo dau. 27an, ostera, Anjel Lertxundik 1987an zuzendutako Kareletik filma emongo dabe Iruritako Gizarte Bilgunean.

Urtarrilaren 28ko mahai-inguruan Garazi Arrulak eta Garazi Ugaldek egingo dabe berba, Amaia Apalauza moderatzailearen aginduetara. Itzulpena izango da gai nagusia, izenburuak dinoan lez: Zurian beltz. Literatur itzulpenak eta itzulpozak.

Goizeko 11:00etan hasiko da mahai-ingurua, Elizondon, eta arratsaldean, euskeraz argitaratu diran hiru liburu aurkeztuko ditue Erratzun: Mikel Alvarezen Euskalia; Jon Alonsoren Amaiur bat urtero; eta Leonardo Sciasciaren Todo modo, Gaizka Ugaldek itzulia.

(H)ilbeltzaren azken egunetan be proposamen interesgarriak egongo dira. 28an bertan, Baz Tawn edo Susmagarrien Gaua egingo dabe Erratzun eta 29an, domekea, Gorputz gorrituen solasa, Mugairen. Jaialdia amaitzeko, Ruper Ordorikak kontzertua emongo dau Elizondon.

Ikusi egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu