Martian hasiko dira Orconerako pabilioi barriak eregiten

Bizkaie! 2023-01-20 13:19   Kulturea

Ondare industrial eta historikoa erakusteko gunea da antxinako fabrikea.

Obrak amaitu eta gero Orconerak izango dauen itxurea (iturria: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Antxina Orconera enpresearenak izan ziran pabilioiak, Barakaldoko Lutxana auzoan, euskal ondare historiko eta industriala gordeteko, babesteko eta erakusteko gune bihurtzen dabil Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila. Bisitea egin dabe Kultura sailburorde Andoni Iturbek, Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok, eta ekitaldia aprobetxau dabe iragarteko pabilioi barri bi egingo dituela, gaur egun erabilten diran bien tartean. Obrak martian hasiko dira.

Orconerak jarduera industrialerako erabilten zituan pabilioi bi dagoz birgaituta, trenen mantenimenduaren atalekoak hain zuzen. Iparraldekoan, Orconera-Lutxana bildumearen gordailua dago, 1.800 objektu dituana gaur egun; hegoaldekoan bisitarientzako ikusgai dagozan piezak ipini ditue. Era berean, eraikinak eurak Bizkaiko Ezkerraldeko iragan industrialaren eta arkitekturearen eredu dira.

Orconera-Lutxana bilduman oinarrituta, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Zentroa sortzeko asmoz dabil Jaurlaritzea, erakunde iraunkor eta edegia izan daiten. Helburua izango da Euskadin industria bilakaerea zelakoa izan zan erakustea, bertoko aurrerapen ekonomikoaren bultzatzaile izan ziran aldaketa teknologikoak eta fabrikak azalduz.

Horretarako, beste eraikin bi egingo ditue, pabilioi historiko bien arteko 32 metroko orubean. Hartara, Orconera guneko eraikin guztiak alkarregaz lotuta egongo dira. Bina solairu izango ditue eraikin barriek eta, barruan, espazio edegia, piezak erakusteko aukera ugari egon daitezan, baita administrazinorako, bisitarien harrerarako eta gordailurako lekua be.

Obrea egiteko baimena gaur, barikua, onartu dau Barakaldoko Udalak eta Jaurlaritzearen esleipena be asteon heldu da. Martian lanak hasi eta 2024ko lehenengo seihilekoan amaitzea da aurreikuspena, 3.134.000 euroko aurrekontua erabilita.

Orconera erreferente izatea nahi dogu Euskadiko ondare industrialari lotutako elementuen arloan, baina, era berean, eskualdearen garapen sozioekonomikoan lankidetzea hastea, adierazo dau Andoni Iturbek. Ezkerraldeko beste gune batzuen osogarri izango da Lutxanakoa, berbarako, Sestaoko Labe Garaien labearena eta Itsasadarreko mineral-kargalekuena.

Amaia del Campo alkateak azaldu dauenez, Lutxanako auzoagaz Udalak dauen konpromisoaren ondorio da Orconerako proiektua: Espazio hau, gure iragan industrialaren ezaugarri ez eze, Lutxanako herritarrentzat erreferente izatea be nahi dogu. Auzotarren topaleku, jardueren egoitza eta espazio bizi bihurtzea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu