2023ko Urruzuno Literatura Lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik dago
2023-01-20 11:18 Kulturea2023ko Urruzuno Literatura Lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik dago.
2022-2023 ikasturte honetan 38. edizinora heldu da Urruzuno Literatura Lehiaketea eta Hezkuntza Sailak edegi dau dagoeneko bertara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, zezeilaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Orain ia lau hamarkada martxan jarri zan lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko asmoz eta gazteek euskerea euren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazoteko tresna lez lantzeko helburua bere eginda. Ordutik, erreferentziazko sariketea da euskal kultura eremuan eta bertan irabazle izan diran hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultura-sormenagaz lotutako beste zenbait esparrutan.
Parte hartu nahi daben ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako honeek dira:
- Literatura lanak aurkezteko epea zabalik dago 2023ko zezeilaren 28ra arte.
- Kategoria bi dagoz, ikasleen ikasmailearen arabera:
o B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.
o A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dabizenentzat.
- Literatura lanak originalak izango dira eta lehiaketa honetan izena emoteko epea amaitu arte bestelako literatura saririk irabazi bakoak. Lanak
euskeraz sortuak izango dira, bakarkakoak, poesiaz zein prosaz idatziak. Gaia librea izango da.
Lehiaketearen oinarriak zehatzago eta parte hartzeko orria argitaratuta dagoz Hezkuntza
Sailaren webgunean, hemen.
20 lan saritu
Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratu eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakotxeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko dau saritutako lan guztiakaz Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara eroango da.
Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko erispideak izango ditu kontuan epaimahaiak:
- Irudimena eta sormena.
- Testuaren ezaugarri literarioak.
- Testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesinoa.
- Hizkuntzearen erabilera zuzena eta aberastasuna.
Epaimahaian bost euskal idazle eta Hezkuntza Saileko teknikari bat izango dira.
Literatura egonaldia
Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukerea izango dabe, 2023ko udan. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketeagaz nahiz literatura-sormenagaz zerikusia daben bestelako hainbat jarduera izango ditue, zenbait euskal idazleren laguntzaz. Sormen-lanean sakondu eta literatura-zaletasuna biztuteko aukera parebakoa idazle gazteentzat.
Horrezaz gan, ikastetxeentzat be bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina autortu eta eskertu guran, lan kopururik handiena aurkeztu daben 5 ikastetxeak be saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukerea izango dabe saritutako ikastetxeek.
Urruzuno Literatura Lehiaketa, ia lau hamarkadako ibilbidea
Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an atondu eban eta 38. edizinora heldu da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea izan dau helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskeraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketeak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu eta azken hamarkadetako jardunak soberan erakutsi dau lehiaketeak helburua ondo bete dauela, izan be, irabazle horreetako asko euskal kultur munduan ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 inguru dira ekimen honek saritu dituan urruzunotarrak eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!