'Txakomic', Bizkaiko txakolina eta euskal komikia buztartzen dituan ekimen barritzailea, FITUR Azokan
2023-01-20 08:15 KultureaBakioko Txakolinaren Museoa-Txakolinguneak hartu eban Komikia erakusketan dau oinarri.
Txakolinaren tradizinoaren eta euskal komikiaren arteko fusinoa Nazinoarteko Turismo Azokara (FITUR) heldu da. Aixa Gazteluk, Txakolinaren Museoa-Txakolingunearen zuzendariak eta Ion Gorka Elgezabalek, Jata-Ondo Landa Garapeneko Alkarteko buruak, lehenengo aldiz txakolina eta komikia buztartzen dituan proiektua aurkeztu dabe Madrilen, Europako turismo-azoka garrantzitsuenetako batean. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauen Txakolinaren Museoa-Txakolingunearen, Mendibile Jauregiaren, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Alkartearen arteko lankidetzeari esker sortu da eta Bakioko Txakolinaren Museoa-Txakolinguneak hartu eban Komikia erakusketan dau oinarri.
Proiektua 2021ean sortu zan, Bizkaiko txakolin-tradizinoaren eta euskal komikigintzearen arteko lotura-prozesuaren ondorioz herritarrei buztartze bereziajk erakusteko, kasu honetan gure lurraldeko ardao bereizgarrienaren eta marrazkiaren artekoak. Urtarrilaren 21ean, 11:30etan eta 14:00etan, FITUR Nazinoarteko Turismo Azokara joaten diran personek probetako saio ilustratuak izango ditue. Hori da Txakomic ekimenak eskaintzen dauen jardueretako bat; txakolina eta bere historia modu berezian ezagutarazoteko proiektua da.
Txakolinaren Foru Museoa-Txakolingunea eta Mendibile Jauregia izango dira barriro be proiektu honen inguruan atonduko diran jardueren agertokiak, besteak beste, umeentzako tailerrak, txakolina probetako saioak eta txakolinagaz lotutako hainbat jarduera, ilustrazinoaren arteagaz batera jorratuko diranak.
Proiektua apirilaren 15ean eta 16an gozau ahal izango da Bakioko Txakolinaren Museoa-Txakolingunean eta apirilaren 22an eta 23an Leioako Mendibile Jauregian.
Kontuak kontu, Lekeitio, Getxo eta Barakaldoko udalerriek eta Uribe eta Enkarterri eskualdeek be euren produktu eta baliabide turistikoak aurkeztu ditue Fitur azokan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!