Iñigo Cobok eta Lutxo Egiak irabazi dabe XX. Cafe Bar Bilbao Teatro Saria

Bizkaie! 2023-01-19 12:48   Kulturea

Edizino honetan 18 proposamen lehiatu dira.

Iñigo Cobo, Mikel Martinez (Tartean/Cafe Bar Bilbao) eta Lutxo Egia (argazkiak: Tartean Teatroa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Cafe Bar Bilbaok eta Tartean Teatroa konpainiak antzerkigintzea oinarritik sustatzeko lankidetzeari ekin eutsen, obra laburretarako testuen lehiaketearen bidez. Aurtengoa 20. edizinoa da eta gaur, eguena, emon dabe irabazleen barri. Gaztelaniazko modalidadean, Iñigo Coboren Canciones tristes para gente alegre aukeratu dau epaimahaiak; euskerazkoan, Lutxo Egiaren Hamalau.

18 testu aurkeztu dira XX. Cafe Bar Bilbao Teatro Sarira, hamar gaztelaniaz eta zortzi euskeraz. Epaimahaiaren arabera, kalidade handiko gidoiak izan dira eta ez da erraza izan irabazleak aukeratzea.

Iñigo Cobok eta Lutxo Egiak, biek irabazita euki dabe Cafe Bar Bilbao Saria lehenago be: Cobok gaztelaniazko atalaren saria eskuratu eban 2017an; Egiak euskerazkoa 2016an.

Zinematik antzerkira egin dau bidea Iñigo Cobok, besteak beste Santurzine jaialdiaren sortzailea eta gaur egungo zuzendaria da. Azken urteotan hainbat antzezlanetan parte hartu dau: Ubú finantza erregea (2020), Ramon Barea zuzendariaren laguntzaile; Pabilioi 6 Gazte Konpainiaren Todo saldrá bien (2020), zuzendari; eta Rey desnudo, chico muerto (2022), hau be Pabilioi 6ko gazteena, testugile eta zuzendari.

Gaztetan lotura afektiboa izan eben persona bik barriro alkar topetan dabeneko momentua kontetan dau Coboren Canciones tristes para gente alegre testu irabazleak. Formatu arin eta umoretsuan, dramatik iges egin guran, personaiek gogoetea egingo dabe euren bizitzen eta izan dituen aldaketen ganean.

Lutxo Egia, bestetik, euskal kulturgintzan sortzaile eta sustatzaile ezaguna da, hainbat alorretan: liburuak idatzi ditu, antzerkiko testuak be bai, performanceetan hartu dau parte eta, gaur egun, Bilboko Bira Kulturako kudeatzailea da.

Jokera absurdodun kontakizuna da Egiaren Hamalau. Gizakiaren alderdi suntsitzaile eta autosuntsitzailea jorratzen da testuan, ezohiko zeregin bat agindu deutsen notario baten begietatik. Bilboko Zazpi Kaleetako Lautan Hiru zikloan Hamalau-ren testuaren irakurketa dramatizadua egingo dabe, zezeilean. Geroago, Pabilioi 6ko Antzerki Laburreko jaialdian emongo dabe, ohiko formatuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu