Ylenia Baglietto eta Lander Otaola dira 2023ko Farolin eta Zaranbolas
2023-01-19 08:23 KultureaBilboko Aratusteetako personaia ezagunenak gorpuztuko ditue.
Bilboko Jai Batzordeak 2023ko Aratusteetan Farolin eta Zaranbolas izango diran persona biak aukeratu ditu: aurten, Ylenia Baglietto izango da Farolin eta Lander Otaola, Zaranbolas. Aktore ezagunak dira biak, telebistan zein antzokietan sarri ikusten doguzanak. Bilboko Udala, Konparsak, Fekoor eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkartea arduratzen dira urtero Farolin eta Zaranbolaren izendapenaz.
Aratusteetako personaia tipikoak dira Farolin eta Zaranbolas, jai giroagaz eta Bilboko izakereagaz lotu-lotuak. Farolin jardun profesional edo publikoan nabarmendu dan eta Botxoko izakereaz harro dagoan bilbotarra da, Bilbon bertan jaio ez bada be. Semper Plus Ultra/Beti Harago dau lelotzat.
Zaranbolas da Farolinen bidelaguna, hau be bilbotar petoa. Bizitza onaren adibide da Zaranbolas, Carpe Diem/Bizi Momentua lematzat hartuta.
Zezeilaren 17tik 21era egingo ditue 2023ko Bilboko Aratusteak. Udalak aurreratu dauenez, aurten ez da pandemiagaz lotutako murrizketarik egongo eta, beraz, beti-betiko moduan ospatu ahal izango dira egunok.
Ylenia Baglietto (Eibar, 1986) gimnasia erritmikoan hasi zan umetan, eta Espainiako txapeldun izan zan banakako modalidadean 2000. eta 2002. urteetan, baita taldekoan be, 2001ean. Dana dala, aktore lanak emon deutso ospea: Getxoko Antzerki Eskolan ikasia, Goenkale telesailean ekin eutsan ibilbideari. Telebistan, zineman eta antzerkian ibili da geroztik.
Lander Otaola (Bilbo, 1989) gidoiak idazten hasi zan eta, ondoren, Vaya Semanita saioko aktore izateagaitik egin zan ezagunago. Bagliettoren moduan, Otaolak be ibilbide oparoa dau zineman, telebistan zein antzerkian. 2012an Max Sarietarako izentau eben, Euskerazko Antzerkigile Onenaren atalean, Sekula bai! obreagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!