Bizkaira be helduko da VII. Emakumeak Zientzian

Bizkaie! 2023-01-18 12:45   Kulturea

Zezeilaren 8tik 17ra egingo ditue ekitaldi gehienak.

Gero eta erakunde eta ikergune gehiagok hartzen dabe parte Emakumeak Zientzian ekimenean. Aurten, zazpigarren edizinoan, Bizkaiko batzuk be badagoz tartean eta, horregaitik, Gipuzkoan ez eze, Bizkaian be egingo dira ekitaldi batzuk. Zezeilaren 11n da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna, eta zezeilaren 8tik 17ra egingo ditue jarduera gehienak.

Danetara, 24 entidadek egin dabe bat VII. Emakumeak Zientzian-eko egitaraua atontzeko. Emakume zientzialarien lana gizarteratzea eta gai zientifiko-teknikoak gizonen kontua diran ustea ezabatzea dira helburuak, baita neska gazteak ikasketa eta lanbide zientifikoetara erakartea be. Zientzian eta teknologian gizonek eta emakumeek bardintasunez parte hartzea gizarte osoarentzat onuragarria dala, horixe aurtengo edizinoan azpimarratu nahi dabena.

Helburuok beteteko, 50 jarduera inguru antolatu ditue, baita sorpresa batzuk be. Deialdi berezia egin nahi dogu aurten, eta guztiok konbidau, edozein dala be generoa, nortasuna, lanbidea edo edadea, ekintzetan parte hartzera, adierazo dabe 24 entidadeen ordezkariek.

Jai giroan hasiko dabe VII. Emakumeak Zientzian, zezeilaren 8an, Donostian. Ekimenagaz bat egin daben zentroetan dabizan emakume guztiei omenaldia egitea izango da asmoa. Ganera, Emakumeak Zientzian ereserkia estreinauko dabe, Janus Lester musikariak egindako konposizinoa.

Hurrengo egunetan, Bizkaian zein Gipuzkoan, zientziagaz eta teknologiagaz lotutako pilo bat jarduera egongo dira ikastetxe zein herritarrentzat. Adibidez, hainbat zentro teknologiko bisitauko ditue eskoletako kideek, eta irakasleek orientazino akademikoaren inguruko saioan parte hartuko dabe.

Aurten lehenengoz, Eskolara itzulera ipiniko dabe martxan, erreferentziazko zientzialariak ikasgeletara joan daitezan. Zientziaren Izarrak tailerrez eta Zientziaren Altxorra jokoaz be gozau ahal izango dabe gazteek.

Emakume helduek zientziaren transmisinoan daben zeregina indartzeko, 55 urtetik gorakoentzako tailerrak egingo ditue. Edade guztietako jentea gogoan, ostera, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur ekitaldia egingo dabe, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Egitarau osoa hemen.

VII. Emakumeak Zientzian 24 erakunde eta ikerguneren arteko lankidetzeari esker antolatu badabe be, horreetako sei dira koordinatzaileak: Materialen Fisika Zentroa, Achucarro Zentroa, CIC Biomagune, CIC Nanogune, Deustuko Unibersidadea eta Polymat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu