Urte biko egitaraua Eduardo Chillidaren mendeurrena gogoratzeko

Bizkaie! 2023-01-18 10:55   Kulturea

Artistearen obrea herritar guztiei hurreratzea da helburua.

Eduardo Chillida, brak egindako eskultura baten alboan (argazkia: Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoak luze eta zabal jorratuko dau Eduardo Chillida artistearen ondarea, haren jaiotzearen mendeurrenaren atxakian. 2024ko urtarrilean izango da efemeridea, baina urte biko egitaraua atondu dabe, aurten bertan hasita.

Kultureagaz lotuta, askotariko jarduerak egingo ditue: erakusketak, musikea, hezkuntzea eta pentsamendua. Madrilen egindako aurkezpenean Eduardo Chillidaren familiakoek adierazo dabenez, artistearen obrea gizarteratzea eta herritar guztien esku jartea izango da helburu nagusia.

Zabalkundea egiteko euskarri ugari erabiliko ditue. Esate baterako, webgunea ipini dabe martxan, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Eduardo Chillidaren sormenaren inguruko datu-basea izan daiten, gehiago jakin nahi dauenarentzako erreferentea. Papelean, Chillidaren katalogo osoaren laugarren liburukia argitaratuko dabe. Ikus-entzunezkoen alorrean, ostera, Arantxa Agirrek dokumentala egingo dau.

Ekitaldi kulturalen artean, erakusketak izango dira ardatza. Chillida Leku Museoak Topaketa lekua IV eskultura handia hartuko dau, 16 tonakoa, 1970eko hamarkadan egina. Bilboko Arte Eder Museoaren bildumearen parte da, baina eraikina barritzen dagozala aprobetxauko dabe aldi batez Hernanira eroateko.

Donostiako San Telmon eta Tabakaleran, Gasteizko Artium Museoan... Erakusketa, berbaldi eta topaketak Euskal Herri guztian egingo ditue, baina atzerrian be gogoratuko dabe Chillidaren mendeurrena: Austriako Kunsthalle Krems museoan artistearen 80 pieza erakutsiko ditue aurtengo apiriletik irailera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu