Ines Garciaren obrek hartu dabe Rekalde Aretoko erakusleihoa

Bizkaie! 2023-01-18 08:23   Kulturea

Barriek programearen barruan dator erakusketea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean egiten dan Barriek programako artisten ohiko erakusketen artean, hurrengoa Ines Garcia bilbotarraren obreari jagoko. Martiaren 26ra arte ikusi leiteke Slides (isiluneen arteko mugimendua) Bilboko Rekalde Aretoan, formatu handiko serigrafiak eta pinturak dakarzan erakusketea.

Aretoko erakusleihoan ipini ditue piezak, barrutik zein kaletik ikusteko moduan. Kolore bakarreko forma abstraktuak dituen bost taula garden dira, eta bertan agiri dira Ines Garciaren sorkuntzak, tamainua handituta, itxura monumentalean.

Pinturakaz batera hiru serigrafia barri be erakusten dira; horreetan, funtsa eta formea landu ditu Garciak, egitura monokromoak erabiliz. Pintureari, argazkigintzeari eta antzerkiari egiten deutso erreferentzia artisteak.

Erakusketearen osogarri, barikuan, urtarrilak 20, Natalia Monge jantzari eta koreografoak inprobisazino eszenikoa egingo dau, bere gorputzaren mobimentuen eta Ines Garciaren obren artean alkarrizketea sortzeko asmoz. 19:00etan hasiko da saioa.

Ines Garcia (Bilbo, 1983) ikus-entzunezkoetan oinarritzen da sortzeko orduan, zinemea eta arte garaikidea buztartzen dituen instalazino, bideo eta film labur eta luzeen bidez. Jaialdi eta erakusleku ugaritan ikusi ahal izan da bere obrea, esate baterako, Bartzelonan, Madrilen, New Yorken, Lisboan, Buenos Airesen eta Belfasten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu