Maria Blanchard-en obra bat gehitu deutse Ikutzeko Artea programeari

Bizkaie! 2023-01-17 12:55   Kulturea

Ikusmen urritasuna dabenentzako egitasmoari berrekin deutso Bilboko Arte Eder Museoak.

Maria Blancharden koadroaren erliebedun erreprodukzinoa (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala hamarkada bi sortu eban Bilboko Arte Eder Museoak ikusmen urritasuna dabenei arteaz gozetako aukerea emoten deutsen programea, Ikutzeko Artea. Aurreko edizinoetan izan dauen harrera ona kontuan izanda, 2023ko urtarrilean barriro hasi da, eta, ganera, orain arte baino obra bat gehiago dago.

Programearen barruko zortzigarren obrea da Maria Blanchard-en Femme assise (Emakumea jesarrita), 1928ko koadro kubistea. Ikusmen urritasuna dabenek gozetako artelan aproposa da, emakumearen figurearen ertz eta planoakaitik. Ganera, Ikusizko Artean ordezkaritzea daben emakume artisten proportzinoa handitu da.

Programako zortzi obrak ibilbide baten barruan dagoz, Erdi Aroan hasi eta gaur egungo jokeretarainokoa. Blancharden koadroaz gan, Erromaniko katalaneko pieza bat eta Grekoaren, Jose de Riberaren, Orazio Gentileschiren, Mary Cassatten, Francis Baconen eta Adolfo Guiarden obrak dagoz.

Artelanon erliebezko erreprodukzinoak eginak ditu Arte Eder Museoak, ikusmen urritasuna dabenek eskuen bidez ezagutu deizen. Esperientzia sensorialari laguntzeko, material osogarria eta audiogidak dagoz, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

2018tik, programea museotik atera eta ikastetxerik ikastetxe ibilteko erabagia hartu eben museoak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Harrezkero, 32 ikastetxetara heldu da Ikutzeko Artea, 7.400 ikasle guztira.

2023aren hasieran, Gipuzkoako ikastetxeetan ibiliko da programea. Erreserbak egiteko modua be badago, deac@bilbaomuseoa.eus helbidean edo 94 439 61 41 zenbakian. Jaurlaritzearen Aniztasunerako eta Inklusinorako IBT zerbitzuaren eta Iberdrola enpresearen babesa dau egitasmoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu