Eztabaida herritar bati ekin deutse 'Itsasargia' proposamen politikoa oinarri

Bizkaie! 2023-01-17 10:50   Pil-pilean

Eztabaida prozesuaren helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea da.

Herri dinamikearen tesi eta lan-arlo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsetako eztabaida prozesu bat bideratuko dau Gure Eskuk martira arte, Itsasargia proposamen politikoa oinarri.

Apirilaren 22an, Nazinoarteko Konferentzia bat egingo dau eta garagarrilaren 1, 2 eta 3an, Tourra erabiliz, Euskal Herriaren herri izakeraren, lurraldetasunaren eta erabagiteko eskubidearen aldeko aldarriak errepideetara eroango ditu.

Itsasargia eztabaida herritarra da aurtengo Gure Eskuren dinamikearen ardatza. Eztabaida prozesuaren helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea da. Josu Etxaburu bozeroaileak emon dau prozesuaren barri: Datorren bagilaren 8an 10 urte beteko ditu herri dinamikeak eta momentu ezin-hobea begitandu jaku arnas luzeko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat atontzeko. Azken aldian, etorkizuna behelaino artean edo ilun ikusteko jokerea zabaldu da gure artean eta horregaitik uste dogu behar-beharrezkoa dala etorkizuna argitzen lagunduko deuskun itsasargi bat. Eta uste dagu, herritarrok garela bidea argituko dogunak, garagarrilaren 2an Pirinioetan erakutsi genduan legez.

Gure Eskuren balioak eta ia 10 urteko ibilbidea dira oinarri eta 2015eko Eskura prozesua aurrekari. Honenbestez, bidean ikasitakoak kontuan hartuta, etorkizunari begira jartea da helburua: Aintzat hartutako idea eta jokerak dudan jarteko prest egoten saiatuko gara, gaur-gaurkoz erabilgarria danari eutsi eta gainerakoa eraldatzeko.

11 eztabaidagai

Itsasargia proposamen politikoa da eztabaidearen oinarri eta honen gainean egingo dira ekarpenak. Gure Esku eragile subiranistea dala esaten da testuan: Eztabaida publikoan ahots propioa izango dau eta nortasun eta diskurso subiranista barri bat eregiteko ahalegina egingo dau. Gainera, burujaubetza artikulazinorako eremu estrategikoa dala ulertuta, Gure Eskuk, orain arte bezela, burujaubetzearen aldeko eragileen arteko alkarlana sustatuko dauela eta burujaubetzen aldeko burrukakaz bat egingo dauela azaltzen da. Edozelan be, eragile bakotxak bere lekua eta ahotsa behar dau izan eta Gure Eskuk be badau berea: Subiranotasun politikotik egingo deutso ekarpena gizarteari.

Lurraldetasunari jagokonez, Gure Esku eragile nazionala dala eta Euskal Herria dauela ardatz berresten da: Euskal lurralde guztietan baliogarria izango dan proposamen politiko bat jorratzeko ahalegina egingo dau eta, era berean, lurralde bakotxeko berezitasunak aintzat hartuz, proposamen berezituak eskainiko ditu, hau da, erritmo ezbardinetako estrategiei dimensino orokor bat emongo deutse.

Akordioen inguruan be bere posizinoa fnkatu dau Gure Eskuk. Euskal Herrira begira, herri akordio zabalen alde agertzen da, alderdi politikoen artean adostutakoei herri akordio esatea kritikatuz eta herritar, gizarte eragile, alderdi politiko eta erakundeak buztartuko dituen adostasunak aldarrikatuz. Nazinoarteari jagokonez, barriz, burujaubetzarako bidean dagozan eragileakaz alkartasunetik alkarlanera pasetako apustua berresten dau Gure Eskuk, nazinoarteko autortzea lortzeko bidean: Autodeterminazino eskubideari buruzko auzia nazinoarteko komunidadean be ebazten da.

Antolaketa eredua birpentsetako hautua be egiten dau herri dinamikeak. Militantzia ereduari buruzko eztabaidea ez da barria. Azken urteotan, herri mobimentuak zailtasun handiak izan ditu orain arteko ereduari eusteko. Egoera horren aurrean, agortze bidean ete dagoan eredu bategaz tematu baino, apurka-apurka bestelako eredu baterantz joatearen alde egitea planteetan dau.

Prozesuaren metodologia

Herri dinamikatik harago heltzeko bokazinoagaz jarri da martxan eztabaidea: Bidelagun izan nahi dauen edonori zabalduko jako atea. Erabagietan parte hartzeko orduan, hori bai, ezinbestekoa izango da Gure Eskun bazkidetzea.

Martiaren 5era arte, bazkide bakotxak proposamenean eztabaidagai izango dan puntu bakotxaren aurrean adostasuna edo desadostasuna agertu eta ekarpenak egiteko aukerea egongo da Gure Eskuren online Plaza bidez (plaza.gureesku.eus). Era berean, eztabaida saioak atonduko dira herri eta urietan. Lehenengoa
berezia izango da, Gipuzkoa osoko jentea batuko baitau: Abenduaren 15ean izango da, Tolosako Kultur Etxean. Prozesuan zehar lau mahai-inguru be egingo dira, eztabaida publikoa elikatzeko asmoz. Azkenik, martiaren 25eko Bazkideon Ezohiko Batzarrean aurkeztuko da proposamen politiko eguneratua eta bazkideek bertan zein Gure Eskuren online Plaza bidez emon ahal izango dabe botoa.

Nazinoarteko Konferentzia eta Tourra

Itsasargia prozesuarekin batera, Nazioarteko Konferentzia bat atontzen dabil Gure Esku. Apirilaren 22an izango da, Ficoban (Irun), orain 10 urte Gure Eskuk sorrerako agerraldia egin eban lekuan.

Izar eta Estel 2 liburua

Gure Eskuk 52.000€ zozketatu ditu eta zenbaki irabazlea Deban (Gipuzkoa) saldu da: 33353. 30.000€-ko sari nagusia zenbaki horren 'Diaspora' serieak irabazi dau. 2.000€-ko sariak eroango ditue zenbakiaren ganerako serieak dituenek: Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa. Bigarren zenbaki sariduna Ondarroan saldu da, 30453, eta 1.000€ jasoko ditu zenbaki horren serie bakotxak.

Urtero legez, kultur sorkuntzeari lotuta etorri da Tripontzia: Boletoakaz batera, erosleek Izar eta Estel 2, 6 eta 12 urte bitarteko irakurleentzako liburua jaso dabe bersino digitalean eta aurten, gainera, euskarri fisikoan be eskuratzeko aukerea izan dabe. Gure Eskuk gabonetako zozketeagaz batera eskaintzen dauen kultur produktua euskarri fisikoan be plazaratu dau. Ane Labaka da liburuaren idazlea, Unai Gaztelumendi, ilustratzailea eta Jon Elordi, itzultzailea. Azken honek euskeratik katalanera itzulpena egin dau, liburua alde batetik ala bestetik edegita, euskeraz ala katalanez irakurri baitaiteke Izar eta Estelen istorioa.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu